Azkoitiko gure arbasoen jan-edan kontuak (II)

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2020ko urt. 6a, 15:30
Garia biltzen Intxausti jauregiaren inguruan.

Kepa Alberdi Egañak abenduko Maxixatzen aldizkarirako egindako ekarpena: 'Azkoitiko gure arbasoen jan-edan kontuak (II)'

Azkoitiko baserri eredua, bizi-iraupenekoa izan da tradizionalki, baina 60. hamarkadatik hona, gutxi dira baserritik bakarrik bizi diren familiak. Hamarkada horretan aldaketa sakonak errotu ziren gizarte ereduan, eta horrekin batera, gure baserrietan. Gizon askok baserria utzi eta kalera joan behar izan zuten, industrian lana egin eta soldata etxeratzeko. Hori horrela, eta lehen ere emakumeak gizona adina lan edo gehiago egin badu ere, aldaketa horrek emakumeari eman zion nagusiki baserriko lanen ardura. Baserriko motorra emakumea izan da, baserriko lan arruntez gain, etxeko eta zaintza lanen ardura ere berea izan baita. Era berean, haurrek ere, gaztetatik hartu izan dituzte beren erantzukizunak, eta ohikoa izan da baratzean edo soroan lanean aritzeaz gain, eskolara joan baino lehenago behiak biltzearen edo antzeko beste hainbat lanen ardura hartzea.

Baserrietan lana beltz egin izan da beti, eta bertako bizitza oso nekeza eta urritasun askokoa izan da kasu askotan.Jateko eskasia dela-eta egoera larriak maiz ezagutu izan dituzte, horrek kaletar askoren harridura agerian uzten badu ere. Baina normalean, Azkoitiko baserrietan, beti izan da zerbait jateko: patata, baba, sagarra… Baratzea etxerako landu izan da, eta “laborie” izenekoa egiten zuten: artoa, garia, baba… eta negu partean, arbia ganaduarentzat; hortik bizi ziren. Fruta arbolek ere elikagai funtsezkoa ematen zuten, eta barazkiekin batera, etxeko beharrak asetzeaz gain, hortaz baliatzen ziren baserritarrak horiek kalean saldu eta dirua etxeratzeko. Baina ez zen guztia etxerako izaten, herriko apaizek ere beren zatia eskatzen baitzuten, oraintxe soroak bedeinkatzeagatik, oraintxe etxekoengatik errezatzeagatik. Bada Azkoitian horrekin lotutako pasarte bitxi bat. Itxura denez, apaizak elizako sermoian honela predikatu omen zuen pulpituko baranda ukabilarekin joaz: "Lur gainean sortzen den jeneroa apaizarena da, eta ez ahaztu handik parte on batzuk niri ematea”. Bertako baserritar batek hori entzun zuenean, baserrian beharra besterik ez eta herriko apaizei musutruk ematen zitzaien jeneroaz nazkatuta, hurrengo urtean baratze guztian patata landatu omen zuen. Eta patata lur azpian hazten denez, urte hartan apaizak ez zuen baserritar haren produkturik jaso, nonbait. Usadioak usadio, apaiz, abade eta antzekoak ederki moldatzen ziren baserritarrengandik odolkia ez bazen, txorizoa eta solomoa ez bazen, urdaia inguratzeko.

Baserri askotan bi txerri hazten ziren urtean: bat santaluziak aldera hiltzen zen, eta bestea martxoa aldera; biak ilberan. Orain inork ez du nahi izaten txerri gizenik, urdai asko edukitzen baitu, baina orduan zenbat eta gizenagoa, hobe izaten zen, haren koipeaz eta gantzaz baliatzen baitziren gauza asko egiteko. Txerria hil ondoren, lehenik, gibela jaten zen, txerria hiltzera etortzen ziren auzotarrekin batera. Odolkiak eta txorizoak baserriko emakumeek egiten zituzten, eta horien parte bat beste solomo eta urdai pusketekin batera, auzokoei banatzeko ohitura zegoen. Ondoren, auzoko beste baserrietan txerria hiltzean, odolkiak bueltan etortzen ziren. Txorizoak, beheko suaren ondoan zintzilik jartzen ziren lehortzeko, eta hobeto mantentzeko bai txorizoak, bai haragia, olioz betetako terreina edo barreino batean sartzen zituzten. Beste ohituretako bat horretarako prestatutako kutxetan haragiari gatza ematea zen, gazitu ondoren uretan garbitu eta esekitzeko.

Baina zer prestatu eta zer jaten zen gure baserrietako sukaldeetan aurreko mendeko gerra ondorenetik 60ko hamarkadara arte? Batez ere, baba gorria egosita eta aza. Baserri batzuetan, txerria edo ardia hil ondoren beti izaten zen txerrikia, urdai pixka bat edo ardiki pusketa bat ahora eramateko, baina beste baserri askotan, baba gorria, patata eta sagar erreekin osatzen zuten otordua. Patata zen beste jaki nagusietako bat Azkoitiko baserrietan, baratxuriarekin, sagar erreekin eta gaztainekin batera. Azken horiek, beren urte-sasoian estimu handia zuten, udan lekek eta barazkiek zuten bezala. Igandeetarako eta egun berezietarako, berriz, baserri askotara garbantzua ekartzen zen kaletik, eta laguntzeko haragi pusketaren bat baldin bazen, aparteko bazkaria osatzen zen. Garai hartan ezaguna zen, baita ere, hirugiharra eta arto pusketak mehe-mehe ebaki eta oliotan pasatuta jatea.

Kiruri baserria, eliza ondoan.

Dena den, mahaian ezin zen falta ogirik edo haren lekua sarri betetzen zuen arto talorik. Ohikoa zen, garia bazen behintzat, asteko ogia labe-suan egitea, eta garirik ez bazen, artoa prestatzea. Ogia egiteko irina errotatik ekartzen zen, eta berarekin ekartzen zuen gari azala galbahean pasatuta kendu ondoren, aska sakon batera bota eta ura eta legamiarekin nahasi eta gero, bolak egin eta berotan uzten ziren pare bat orduz trapu baten gainean. Horiek hazi edo harrotu ondoren, ohol edo egurrezko paleta baten gainean ilaran jarri eta labera sartzen ziren. Errotak bi harriren bitartez egiten zuen lana; gainekoa bueltaka ibiltzen zen, eta azpikoa, erdian zuloa zuena, geldirik egoten zen. Zulo horretatik pasatzen zen xehatutakoa askara. Ondoren, irina baserrira eramaten zen, garia errotara eramandako modu berean, hau da, asto gainean. Garai hartan, errotak urarekin ibiltzen ziren, baina Montte baserrikoek, motor elektrikoarekin ibiltzen zen errota ipini zuten martxan, eta horrek aurrerapen handia ekarri zuen berarekin. Bestalde, baziren okinarentzako garia prestatzen zuten baserriak, eta horretarako prestatutako kaxa batean entregatzen zitzaion okinari. Kaxa bat gariren truke lau ogi ematen zituen okinak, negozio borobila eginez.

Garia nahikoa bazen, zahia ganaduari eman eta ogi zuria egiten zuten baserrirako, baina gari gutxi bazen, hari zahia nahasi eta ogi beltza egiten zuten. Bestalde, ogiari, egin eta egun batzuk barru, bizarra bezalako zerbait sortzen zitzaion, baina ez zen ezer botatzeko garai oparoa, eta hura kendu eta jatea besterik ez zen geratzen, sabela zerbaitekin beteko bazen. Miseria handiko tenorean zeuden garai hartan, eta gose denboran kalean ez zegoenez ogirik, baserritar batek baino gehiagok aprobetxatu zuen garia errotara eraman eta gero irina kalean saltzeko, beren baserrietan ogiaren ordez arto hotza jango bazuten ere. Dena den, negurako garia gastatu egiten zen, eta artoarekin bizi behar izaten zuten. Nolanahi ere, aldi hartan, Azkoitiko baserri gehienetan, ohikoa zen goizean taloa eta esnea, eguerdian artoa eta iluntzean berriro taloa nahiz esnea jatea. Artoa zen jakirik funtsezkoena, edo hobeto esanda, nahitaezkoa. Hori esnearekin jaten zen gehienetan, bai taloa, bai morokila, bai arto-zopa moduan. Taloa morokilaren aldean arina zen, urarekin eta arto irinarekin egiten den masa baita, baina euskal atsotitzak dioen moduan “ogirik ez denean, artoa on”.

Jatekoari laguntzeko, berriz, uraz aparte, sagardoa zen gehien edaten zen edaria. Azkoitiko ia baserri guztietan ziren sagastiak, eta hango sagarraren patsarekin prestatzen zuten sagardoa edo patsardoa. Azken hori, patsa hartu eta ganbelan mazoarekin txikitu ondoren, barrikan sartu eta han urarekin nahasita irakiten uzten zen. Sagardoaren gustu pixka bat bazuen patsardoak, eta zortzi bat egunera edateko moduan egoten zen. Dena den, azkar edan behar izaten zen, denbora gutxian mikaztu eta mindu egiten zelako. Bestalde, sagarra, dolarea zuen baserri batera eramateko modua bazen, urte osorako sagardoa izaten zen baserrian. Ardoa, berriz, jaietan bakarrik edaten zen, normalean.

Edaten zuten esnea ere baserrikoa zen, etxekoa, baina beti soberan izaten zutenez, kalera jaisten ziren esnea etxez etxe saltzera. Marmitak eta esnea neurtzeko litroko ontzia asto gainean jarri eta kalera jaitsi ondoren, bertako bezeroei esnea banatu eta plazara joaten ziren soberakinak saltzera. Baserritarrek eliza ondoan zegoen Kiruri baserriko ukuiluan lotzen zituzten astoak, eta hileko koartokoa edo horrelako zerbait kobratzen zieten han astoa uzten zutenei. Geroxeago, duela hamarkada batzuk, baserrietako bideak konpondu edo berriak egin zirenean, astoak halako karro bati tiraka jaisten ziren herrira. Esne dirua astean behin ordaintzen zuten kaleko bezeroek, igandean, hain zuzen ere. Baserrietan gazta ere egiten zen, ohikoa izanik gazta berria jatea. Gazta zahartu nahi bazen, gari kutxan sartzen zuten, gari artean gogortzeko.

Lerro hauetan azaldu bezala, baserriko bizilagunek behar izan dituzten oinarrizko elikagaien ekoizpena baserriko bizimodu gogorrarekin lotu behar da estuki. Bertako baserritarrei esker iraun du baserriak gure lurretan hainbeste gizaldi. Hemendik doa, Azkoitiko baserrietan mende luzeetan hain jasanezinezko baldintzetan bizi eta duintasun osoz aurrera atera diren emakume eta gizonei ondo merezitako gorespen eta gorazarrea.

Montte baserria.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide