Azkoitiko gure arbasoen jan-edan kontuak (1)

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2019ko aza. 8a, 15:55
Jasokunde kooperatiba.

Kepa Alberdik urriko Maxixatzen aldizkarirako egindako ekarpena: 'Azkoitiko gure arbasoen jan-edan kontuak (1)'.

Duela mende batzuk ez zen orain bezala, eta bertoko agintariak arduratzen ziren hemen ekoizten ez ziren janari eta edariak kanpotik inguratzeaz, herriko biztanleen beharrak ikusi ondoren. Ez zen lan xamurra izango bakailaoa, olioa, ardoa eta bertan produzitzen ez ziren bestelako jeneroak eskuratzea. Horretarako, agintariek, tratua egiten zuten bertoko edo inguruko pertsonaren batekin, hitzartutako jeneroaren faltarik ez izateaz ardura zedin.  Horren adibide bezala, 1569an Juan de Olano azkoitiarrak udalarekin sinatutako hitzarmena aipa daiteke. Kontratu hartan, salneurriarekin batera, garbi adierazten zen, herritarrek urte osoan zuten bakailao beharrari aurre egin behar ziola, Terranovatik behar zen guztia ekarriz. Horrekin batera, Juan de Olanok bere betebeharra ongi egin ezean jasoko zuen zigorraren berri ere ematen zen akordio berean.

Bestalde, kanpotik ekarritako jateko eta edateko jeneroaz gain, erreminta eta bestelakoen beharrik ere izaten zen herrian, eta hauek gorde eta zabaltzeko alondegi bat eraiki zen 1565ean.  Alondegia, Udalak kudeatzen zuen, eta horrela, bertan saltzen ziren produktuen salneurriak ipintzeaz gain, produktuei ezarritako zergak kobratzen zituen, herriarentzat hain garrantzitsua zen diru sarrera ziurtatuz. Alondegi hau, 1685ean eraitsi eta hiltegia egitea erabaki zuten agintariek, alondegi berria Uzinetxearen inguruan altxatuz. Handik mende batera, 1784ean, jaso zen Iribe-Dorrearen zubi ondoan hiltegi berria egiteko baimena. Hau, 1861ean bota ondoren eraiki zen, duela gutxi arte ezagutu dugun Santa Klarako hiltegia.

Azoka ere betidanik ezagutu izan da Azkoitian, hauek egiteko baimena Alfonso XI.aren eskutik jaso baitzuen herriak 1331ean. Denbora igaro ahala, azoka astean behin egingo zen, astelehenetan hain zuzen ere, baina 1928an, larunbatera aldatu zen azoka-eguna, Gobernadoreak luzatutako agindu batez, eta erabaki horrek nahiko istilu sortu zuen herrian. Egun ezagutzen dugun azoka-plaza eraiki zenean, enkantean atera ziren bertako postuak, eta oso harrera ona izan zuen herriaren aldetik. Eraikin honen erabilera zela eta, izan ziren herritarren kexu eta liskarrak, agintariak berehala neurri batzuk hartzera behartuz. Izan ere, dirudienez, herritar batzuk goizeko lehen orduan joaten ziren hango jenero gehiena erostera eta ondoren produktu bera berriz saltzen ipintzen zuten prezio garestiagoan, herritarren kaltean, jakina. Bestalde, dokumentu zaharrak diotenez, XVIII. mende hasierarako bi feria ospatzen ziren herrian: bat, San Medelen (Martitten), Pazko hirugarren egunean, eta bestea Elosun, Mendekoste bigarrenez. Pixka bat geroagokoa da egun ezagutzen dugun San Andres feria.

Landakandako errota.

Askotan, herritarrek dendatara jo behar izaten zuten, azokan aurkitzen ez zituzten jateko produktuak erostera, orain ez bezala hauetan justu justuko jeneroa saltzen bazen ere. XIX. mendean barrena sartzen bagara, dendatan, olioa, sardina zaharrak, bakailaoa, gazta, garaiko barazki eta berdura, gatza, arroza, azukrea granelean, kutxiloz ebakitako txorizoa eta ezer gutxi gehiago aurkitzen zen. Gailetak ere baziren, baina hauek etxera ekartzen baziren ez zen seinale ona, medikua edo apaiza etxera etorriko zen adierazle baitzen. Garai berean, arazo latza zen herrian, langileen soldata ez baitzen nahikoa gutxieneko jaki eta bestelakoak etxeratzeko, eta horrenbestez,  langileria eta berarekin herri osoa, inflazio prozesu jasangaitz batean murgildurik zegoen. Hori horrela, eta krisialdi hari aurre egiteko, “La Asunción de Nuestra Señora de obreros católicos de la villa de Azkoitia” kooperatiba sortu zen herritar batzuen ekimenez. Hasieran, kooperatiba honek, jaki eta edari arruntak salduz abiatu zuen bere ibilbidea, baina urte batzuk gerora bere txokolate fabrika, okindegi, arropa denda  eta abar izango zituen.

Tabernetan berriz, ardo zuria eta beltza, sifoia, pattarra eta anisa ziren ezinbestekoak. Duela bi mende, mandazainek ekartzen zuten Nafarroatik ardoa, normalean beltza eta klaretea, baina Erriberako ardo gorria eta Tuterako ardo zuria ere oso ezagunak ziren. Pixka bat geroago, 1870 inguruan, taberna ugari zen Azkoitian, 14 hain zuzen ere. Orduko tabernek bazuten aparteko betekizuna, agintariek ardoari zerga bereziak ipintzerakoan, haiek saltzen zuten ardoari esker, hamaika estualdiri aurre egiteko moduan izan baitzen Azkoitiko herria. Sagardoak ere aspalditik egina zuen bere lekua, 1413ko dokumentu batek dioenez, ordurako sagardoa egiten baitzen gure herrian. Mende bat geroago, 1514an hain zuzen ere, jakitera ematen zaigu, herrian bazirela txakolina egiteko landatutako mahastiak. Garai hartan, ezaguna egin zen Azkoitian ekoizten zen “Chacolín de San Martín” izeneko txakolina.

Aztarretxeren upategia.

Garai bateko dendak eta tabernak aipatuta, gure herrian jatekorik eta edatekorik inoiz ez dela falta izan dirudi, baina antzina eta gerora ere, goseak eta beharrak mota askotako egoerak pairatzera bultzatu zituzten azkoitiar asko, eta aurreko mendeko gerra ondorena ere ez zen nolanahikoa izan. Gose urteak ere ezagutu ziren garai hartan, 1942ko urtea oso gogorra izan zen adibidez, errota guztiak ere itxi egin baitzituzten. Kontraesana badirudi ere, urte hartan gari asko izan zen, baina errotei prezio merkea ezarri, eta handik gora ezin zutenez igo, hauek beraien errotetako ateak itxi zituzten. Gari asko zen, baina ogirik ez zen egiten eta ezkutuan egindako irina erostera etortzen zen kanpoko jendea. Jende asko hurbiltzen zen irina erostera, baina kontuz ibili beharra izaten zuten, irina saltzea debekatuta egonik, sarritan haietako bat salataria izateko arriskua baitzegoen. Bestalde, gose denboran, kalean ez zen ogirik izaten, eta baserritar bat baino gehiagok aprobetxatu zuten garia errotara eramateko, eta ondoren irina kalean saltzeko. Baina baziren baserrian ogia egin eta saltzen zutenak ere, nahiz eta gero beraiek, beharrak eraginda, artoa jan baserrian. Ezinbestean, ogi egile klandestinoak eta estraperloan ibiltzen zen jendea ugaritu zen, eta herritar askok jasan zituzten autoritatearen isun eta zigor gogorrak. Gipuzkoako Tasen Fiskaltza Probintzialak, 1946an, Luciano Juaristi Nazabal azkoitiarrari irekitako espedientea dugu horren argibide garbia: “… por tenencia ilegal y elaboración clandestina de artículos intervenidos, multa de 2000 pesetas, destino a un campo de trabajo por un mes, decomiso de 123 barras de pan blanco de 400 gramos cada uno, 150 kilos de harina blanca, seis kilos de fideos y destrucción del horno clandestino, sito en la calle Larraizpuru de Azcoitia”.

Aldi hartan tranpa eta azpilan asko ezagutu arren, esan daiteke, gezurra badirudi ere, herriko zenbait baserritako bizilagunek nahiko komeri izan zutela bizi baldintza duinari eusten, gosearen zorigaitza zela eta. Gai honen harira, ezaguna da Epelde baserrira ezkondu zen andreak kontatzen zuena. Hark esaten omen zuen, hainbeste ume izan eta goseak eragindako beharrez, bere umetako batek lurretik sitsak jaso eta haiek jaten zituela. Izan ere, gose denboran ogia ez izateaz gain, garia, artoa eta baba herrian entregatu beharra zegoen. Orduan agintariek ez zuten hori ordaintzeko dirurik izaten, eta horren truke, txartel batzuk ematen zizkieten baserritarrei, hauekin herriko dendatan zegoen jateko jenero urria erosteko. Patata ere herrira entregatzen zen, eta gero errazionamendutik boniato etxeratu. Ederra kontua!

Errexileneko taberna.

Honek guztiak, estraperloan ibiltzera behartzen zuen herritar bat baino gehiago. Irina, azukrea, olioa, txerri edo txahal haragia, eta ogia bera ere, estraperloan lortzen ziren eskasia garaietan. Garia eta artoa bazen baserrietan baina irina egiteko modurik ez. Hori horrela, astoa kargatzen zuten gauean irinarekin eta Iragan, Montte edo bestela Aizpurutxo aldeko errotetara eramaten zuten ezkutuan. Gaueko ibilera haietan guardia zibilari bakarrik zioten beldurra, baina leku haietan, normalean, ez ziren hauek ibiltzen, biderik ere ez baitzegoen. Baina bide ondoan zegoen errota batera joan ezkero, orduan izaten ziren kontuak, Landakanda edo Aldatxarreneko errotetan adibidez. Estraperloaren bila norberak joan behar izaten zuen, hau zein tokitatik eta noiz pasatuko zen jakin ondoren.

Gai berari beste alde batetik begiratuta, eta bitxikeri moduan, aipa dezakegu duela hamarkada batzuk zer ohitura zeuden jan eta edate usadioari begira. Hasteko, txikiteoan ibiltzen zen koadrila tabernara sartzen zenean, guztiek ardoz goraino betetako edalontzi bakarretik txandaka edaten zuten. Etxeetan ere antzeko usantza jarraitzen zen jatekoarekin, guztiak mahaian jarri ondoren ontzi bakarretik jateko ohitura baitzegoen. Garbi dago, bizkorren ibiltzen zenak izango zuela abantaila. Mahaiko tresna bakarra berriz, koilara zen. Dena den, ospakizun berezietan ez zen horrelako konturik izaten, jaunartze eta ezkontzetan edo etxean gonbidatuak sartzen zirenean, adibidez. Ospakizun horietan, garai bakoitzean bizi zen egoerara moldatzen zen menua, orain bezalako arrandiarik gabe, orduan ere egun arruntetatik pixka bat nabarmentzeko jakiak izaten baziren ere.

Egun, ezin daitezke alderatu gure arbasoek pairatu zituzten egoera latzak kanpoko herrialde asko sufritzen ari diren goseteekin, baina hauek ere, bere neurrian, makina bat egoera jasangaitz pasatutakoak ez direnik ezin esan.

Idatzi honetan, orokorrean, kalean bizi ziren arbasoak nola elikatzen ziren azaldu eta horren bueltako kontuak ekarri ditudan moduan, hurrengo idatzian baserriko asaba zaharrenak azalduko ditut.

Montte baserria.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide