Festa giroan eman diete amaiera Euskararen Eguneko ospakizun ekitaldiei

Iraia Oteiza 2023ko abe. 5a, 10:25

Euskararen Eguneko ospakizunek jarraipena izan zuten atzo arratsaldean. Musika, marrazkiak, gaztaina jana, euskarazko ahots grabaketa eta Zain dezagun mendia liburuaren aurkezpena izan ziren.

Festa giroan eman zieten jarraipena atzo arratsaldean Euskararen Eguneko ospakizunei. Azkoitiko Udalaren eta Euskara Mahaiaren ekimenez, hainbat jarduera izan ziren Kontzejupean eta Portaleburu erakusketa aretoan. 17:30etik aurrera, musika izan zen nagusi Kontzejupean. Ikasleek marrazkiak eta muralak margotu zituzten han, eta gaztaina erreak banatu zitzaizkien bertaratu zirenei. Hasiera batean, herriko plazan egitekoak ziren ekitaldiak, baina euriaren ondorioz, Kontzejupera lekualdatu behar izan zuten.

Ordu berean, 17:30etik 19:00etara, Gaitu ekimenaren ahots grabaketa maratoia egin zuten Portaleburu erakusketa aretoan. Adimen artifizialak euskaraz egitea da ekimenaren helburua, eta horretarako, euskarazko milaka ahots grabatu nahi dituzte, makinek ere hizkuntza ulertu eta hitz egin dezaten. Hain zuzen, grabaketa horiek egiteko baliatu zuten atzoko eguna, eta bertaratu zirenek, beren ahotsa grabatzeko aukera izan zuten testu ezberdinak irakurrita.

Ekimen horren ostean, Portaleburun bertan, Ioritz Gonzalezek euskaratu duen Reinhold Messnerren Zain dezagun mendia liburuaren aurkezpena egin zuten. Gonzalezek jakinarazi zuenez, Messnerren filosofia erradikalaren erakuslea da liburua, zer pentsatua ematen duena, gailurrari ez baino bertarainoko bideari garrantzia ematen diona. Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko Julen Garatek bideratu zuen aurkezpena eta bertaratu zirenek, hausnarketarako tartea izan zuten.

(Argazkiak: Iraia Oteiza eta Maxixatzen Euskaldunon Elkartea).

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide