Euskara bete plaza, euskara babesteko

Ane Olaizola 2023ko abe. 4a, 12:45

Euskararen Egunaren biharamunean, euskararen aldeko aldarria lau haizetara zabaldu dute eguerdian plazan elkartu diren ehunka ikaslek, euskararen alde abestuz. Ana Azkoitia alkateak euskara "maitatzeko, babesteko eta erabiltzeko" deia zabaldu du.

Aurten abenduaren 3a igandea egokitu denez, gaur egin dituzte Azkoitiko Udalak eta Euskara Mahaiak antolatutako Euskararen Eguneko ekitaldiak Azkoitian, eta azken urteetako itxura bera hartu du eguerdian plazak: Floreaga salestar ikastetxeko, Xabier Munibe Ikastolako, Azkoitia BHIko eta Bizilore Eskola Aktiboko ehunka ikaslek bat egin dute euskararen alde abesteko.

11:30ak jotzearekin bat hasi dira aurreneko ikasleak trikitilariekin batera plazara iristen, eta apurka-apurka, lau ikastetxeetako haurrek eta nerabeek bete dute plaza. Ekitaldia hasterako euri zaparrada hasi badu ere, giroak ez du plazako agerraldia zapuztu, eta han elkartutakoek gogotsu abestu dituzte Behin betiko, Itzulera, Euskal Herrian Euskaraz eta Txoria Txori abestiak. Era berean, Ana Azkoitia alkateak hartu du hitza ekitaldian, eta euskara "maitatzeko, babesteko eta erabiltzeko" deia zabaldu die herritarrei, eta euskara irakastearen garrantzia ere azpimarratu du hark: "Bada egin dezakegun beste gauza garrantzitsu bat: ez dakienari irakatsi euskara. Ondoan norbait baldin badugu euskaraz ez dakiena, hitz egin euskaraz, eta erakutsi diezaiogun euskara aberatsa dela. Hitz politak dituela, eta gure-gureak ditugula. Guk euskaraz hitz egiten badugu eta ez dakitenei erakusten badiegu, euskara zabaldu egingo da, handitu, hori da behar duguna". Ekitaldia amaitzeko, Zahar eta gazte, jai eta aste, Azkoitian euskara aske pankarta zintzilikatu dute udaletxeko balkoian.

Arratsaldean, ekitaldi gehiago

Arratsaldean, udalaren eta Euskara Mahaiaren ekimenez, festa giroan emango diete jarraipena Euskararen Eguneko ospakizunei. 17:30etik 19:00etara bitartean, musika izango da nagusi herriko plazan. Ikasleek marrazkiak eta muralak margotuko dituzte han, eta gaztaina erreak banatuko zaizkie bertaratzen direnei.

Ordu berean, 17:30etik 19:00etara, Gaitu ekimenaren ahots grabaketa maratoia egingo dute Portaleburu erakusketa aretoan. Adimen artifizialak euskaraz egitea da ekimenaren helburua, eta horretarako, euskarazko milaka ahots grabatu nahi dituzte, makinek ere hizkuntza ulertu eta hitz egin dezaten. Herritar orok izango du bere ahotsa grabatzeko aukera. Grabatzerako garaian, aplikazioak berak esandako testua irakurri beharko dute. 

Jarraian, 19:00etan, Portaleburun bertan, Ioritz Gonzalezek euskaratu duen Reinhold Messnerren Zain dezagun mendia liburuaren aurkezpena egingo dute. 

Euskara Mahaiak Euskararen Egunaren barruan antolatu diren ekitaldi guztietan parte hartzera animatu ditu herritarrak. Mahaia euskararen normalizazio bidean lanean ari diren ondorengo eragileek osatzen dute: Azkoitiko Udalak, Xabier Munibe Ikastolak, Floreaga Salestar Ikastetxeak, Izarraitz Lanbide Heziketak, Azkoitia BHIk, Bizilore Eskola Aktiboak, Azkoitiko AEKk, Erniarraitz Bertsozale Elkarteak eta Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide