Ioritz Gonzalez: "Falta zaigu egiten ditugun gauzetaz hausnartzea"

Ane Olaizola 2023ko aza. 22a, 09:23

Gonzalez, itzuli duen liburua eskuetan duela. (Ane Olaizola)

Reinhold Messner alpinista sonatuaren liburuetako bat itzuli du Ioritz Gonzalezek: Zain dezagun mendia. Bi zaletasunak uztartuta, bere alea jarri nahi izan du azkoitiarrak.

Mendizalea eta euskaltzalea da Ioritz Gonzalez (Azkoitia, 1980), eta bere afizioak bateratzeko aukera eman dio Sua etxearen eskutik kaleratu duen itzulpen lanak: Zain dezagun mendia. Datorren abenduaren 4an Azkoitian aurkeztuko du liburua, Euskararen Eguneko egitarauaren barruan, 19:00etan, Portaleburun.

Reinhold Messner alpinistaren liburuetako bat euskaratu duzu: Zain dezagun mendia.  

Dibulgazio liburua da, eta Messnerrek kontatzen du bere ustez mendia zer egoeratan dagoen. Hango jarduerak nola egiten ditugun, zer egiten ari garen mendiarekin, zer filosofia daukagun... Izan ere, gaur egun mendia kirol lorpenekin oso lotuta dago, eta liburuan ingurumenaren kontua ere jorratzen du alpinistak. Horren guztiaren iritzi pertsonala ematen du autoreak, eta bizi esperientziatik abiatuta, nolakoa izan beharko lukeen ere azaltzen du.

Zer dio mendietako kirol lorpenen inguruan?

Messnerren ustez, egunerokotasunean daramagun abiadura eta lorpenetarako dugun gosea gailentzen ari dira mendian. Gure hirietako bizimodua mendira eramaten ari garela dio hark, baina haren ustez, mendia ez da hori. Kritika batzuk egiten ditu ildo horretan, eta interesgarria da esaten duena. 

Herritarrek hausnar dezatela nahi al duzu?

Bai. Bizitza osoa daramat mendian, izan eskalatzen nahiz bestela. Mendiko liburuak ere irakurri izan ditut, eta egia esan, liburu honek hausnarrarazi egin zidan. Aurrenekoz gaztelaniaz irakurri nuen, eta nire asmoa zen Euskal Herrian inork irakurriko balu, hark ere hausnartzea. Azken finean, hemen ohitura handia dago mendian ibiltzeko, baina askotan, daramagun bizimoduarekin, falta zaigu egiten ditugun gauzez hausnartzea; arlo denetan, baita mendian ere. 

Zer dela-eta erabaki zenuen liburua euskaratzen hastea?

Pyrenaica aldizkarirako egin izan ditut itzulpen lan labur batzuk, artikuluak eta halakoak. Baina zerbait mardulagoa egiteko harra izan dut beti, eta liburu honek horretara bultzatu nau. Liburuak niri sortu didan hausnarketa besteei zabaltzea nahi nuen. Ikusi nuen gazteleraz edota katalanez bazegoela, eta pentsatu nuen ondo legokeela euskaraz ere egotea. 

Nire ideia izan zen itzultzea, eta mendiko kontuetan aditua den Sua argitaletxera zuzendu nintzen. Hark aurrera egiteko esan zidan, eta horixe egin nuen, nire ezjakintasunean. Izan ere, ez nekien lanak zenbat denbora hartuko zidan, baina gogoz nengoen, eta gustura egin dut.

Nola joan da prozesua? 

Egunerokotasunean zuzenean ukitzen ditudan arloak jorratzen ditu liburuak. Alde batetik, mendizaletasuna, ingurumena eta iraunkortasuna. Zientzietako irakaslea naizen neurrian, eskoletan biologia eta geologia azaltzen jarduten dut, eta arlo horretan eroso sentitzen naiz horrenbestez. Bestetik, euskararen munduan ere sartuta nago, eta lanak arlo horiek ukitzen zituenez, eroso aritu naiz. Ez nekiena zen halako lan batek zer eragingo zidan eta zenbat denbora eskatuko zidan. Egia esan, ez zait luzea egin. 

Zenbat denbora behar izan duzu?

Lauzpabost hilabetean idatzi dut. Ia egunero zerbait egiten nuen, eta lanak aurreratu ahala, motibatzen joan nintzen. Helburua zen udazkenerako kalean izatea, Gabonetara eta Durangoko Azokara begira. 

Messnerrek hainbat liburu ditu idatzita. Haren aurreneko euskarazko lana al da zurea?

Baietz uste dut. Oso liburu gutxi daude euskarara itzulita, eta idatzi ere ez da asko egiten euskaraz. Alde horretatik, nire alea jartzea nahi nuen. 

Mendiari lotutako euskarazko liburuetan hutsunea al dago?

Orokorrean esango nuke hutsunea dagoela. Jendeak gero eta gutxiago idazten eta itzultzen du, baita irakurri ere. Egunero egoten naiz gazteekin, eta aisialdirako beste tresna batzuk erabiltzen dituzte haiek batez ere. Gutxi irakurtzen dute, eta halako arlo espezializatu batean, oraindik eta liburu gutxiago dago. Ez da pertsona guztiei eragiten dien arlo bat.

Messner erreferentea da mendizale askorentzat. Zuretzat ere bai?

Messner ez da bereziki miresten dudan gizon bat, baina mendizaletasunaren munduan erreferentea da. Askok ez dituzte haren iritziak partekatzen, nahiko zuzena eta zorrotza baita eta kritika asko egiten baitu. Baina nahi edo ez nahi, bada eredua: hamalau zortzimilakoak egiten aurrena izan zen, hainbat liburu eta film kaleratu ditu, museoak ere baditu... Zerbait esaten duen bakoitzean, jende asko izaten du begira. Esan bezala, ez dut bereziki miresten, baina identifikatuta sentitzen naiz hark esaten dituen hainbat gauzarekin, baita liburu honetan esaten dituenekin ere. Ez nago guztiz ados, eta beharbada, nik ez nituen gauzak horrela esango, baina egia batzuk esaten ditu, eta bide horretan dator hausnarketa. 

Mendiaren eta euskararen inguruan aritzen zara. Bi zaletasunak uztartu al dituzu liburua itzultzerakoan?

Betidanik izan dut halako lan bat egiteko harra, eta liburua itzultzeak horretarako aukera eman dit. Pozik nago egindakoarekin, jendeak euskaraz irakurtzeko modua duelako.

Emaitzarekin gustura al zaude?

Oso gustura nago. Egunero aritu naiz lanean, eta egindakoa fisikoki izateak poztu egiten nau. Hitzaurrea, sarrera eta epilogoa Juanjo San Sebastianek eta Ramon Olasagastik egin dituzte. Izen handiko mendizaleak dira, eta kalitatea erantsi diote lanari.

Eskalatzailea eta mendizalea zara zu ere. Zer da zuretzat mendia?

Topikoa da esatea, baina mendia, kirola baino, bizimodu bat da. Etxetik jaso nuen mendiarekiko zaletasuna, eta gaztetan, afizio hori beste modu batera garatzen hasi nintzen: duela 30 bat urte, eskalatzen hasi nintzen, Azkoitian bertan. Lagunak harrobira joaten ginen; abentura moduan hasi ginen horretan. Poliki-poliki, jarduera sistematikoa bihurtzen hasi zen eskalada, eta beste kirol batzuk utzi ahala, entrenatzen, astebururo praktikatzen eta oporrak ere kirol horren bueltan antolatzen hasi nintzen. Eskaladak baimendu dit leku asko ezagutzea. Asko ematen dit, ez soilik kirol arloan, pertsona moduan ere bai. Ikasteko eta balioak jasotzeko zein transmititzeko bizimodua da mendia.