Proiektu estrategikoak jasotzen dituen 2023-2027 Agintaldi Plana osatu du Udal Gobernuak

Ane Olaizola 2023ko aza. 17a, 15:24
Ana Azkoitia, Agintaldi Planarekin. (Azkoitiko Udala)

Indarrean den agintaldiko "bide orria" zehaztu du Udal Gobernuak dokumentuan, eta han jaso ditu erakundeak dituen konpromisoak, lan arloak zein lehentasunezko proiektuak. Era berean, Agintaldi Planarekin "lerrokatuta" dagoen 2024ko udal aurrekontuen proposamena aurkeztu du. Abenduaren 14an onartu nahi dituzte aurrekontuak, baina jeltzaleek beste taldeen adostasuna behar du horiek aurrera ateratzeko.

Azkoitiko Udal Gobernuak indarrean den Agintaldi Plana osatu du, eta han jaso ditu 2027ra artean landu nahi dituen konpromisoak, lan arloak zein lehentasunezko proiektuak. Hain zuzen, udalaren barne dokumentu horrek datozen urteetan udalak "indarrak" zertan jarriko dituen jasotzen ditu, Ana Azkoitia alkateak azaldu duenez: "Dokumentuak gure bide orria jasotzen du, eta plangintzarako balio digu. Herri aurreratua, solidarioa, jasangarria eta kohesionatua eraikitzen jarraitu nahi dugu. Adierazleei erreparatuta, bizi-kalitate handia dugu Azkoitian, eta horren alde egingo dugu lan". Era berean, Agintaldi Planera "lerrokatua" dagoen 2024ko bere aurrekontu proposamena ere aurkeztu du Udal Gobernuak, eta udaleko gainontzeko alderdiei ere helarazi die. "Proposamenak bat egiten du Agintaldi Planarekin, eta datorren urtera begira, aurreikusitako jarduera nagusiak biltzen ditu".

Izaera "transbertsala" duten helburuak honako sei hauek dira Udal Gobernuarentzat: euskara, berdintasuna, ingurumena, Azkoitia 700 –datorren urtean herriaren sorreraren zazpigarren mendeurrena izango da–, gobernantza eta parte hartzea. Bide horretan, Herrilab+700 prozesuaren barruan osatutako herri plana ere "kontuan" hartuko dutela aurreratu du Azkoitiak.

Proiektu estrategikoei dagokienez, Berdura Plaza eraberritzea eta merkataritza suspertzea lehentasunezkoak dira Udal Gobernuarentzat. Udala hasita dago lanketa horrekin, azoka plazaren lizitazioa martxan baitago dagoeneko, eta Errekauek zerbitzua martxan jartzeko asmoaren berri ere eman du egunotan. Horrez gain, Alde Zaharreko eta landa eremuko araudiak aldatzeko asmoa ere badute.

Irisgarritasunari dagokionez, zenbait proiektu azpimarratu ditu alkateak: San Jose egoitzara igogailua jartzea, Floreagako hirugarren fasearekin jarraitzea eta San Martin auzoan beste igogailu bat eraikitzea.

Plaza Berria eraberritzea ere badute eskuartean, eta haren proiektua idaztea asmo dute indarrean den agintaldian. Horrez gain, Txalonerreka eta Altamira lotuko dituen bidea eraiki nahi dituzte —proiektua lizitazio fasean dago—, baita Izarre Jandalo eremua industria lur gisa kalifikatzea ere. Era berean, Intsausti eremua "eraldatu" eta urbanizatzeko lanetan jarraituko dute. "Herriko sarrera-irteera eremua izanik, esanguratsua da tokia, eta bilakaera bat eman behar zaio".

Bestalde, Udal Gobernuak azpimarratu du "irmo" helduko diola Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartutako akordioari, zeinetan aldundiak 4,7 milioi euro inbertitu dituen "zaintza ereduaren trantsiziorako". Hain zuzen, Unitate Psikogeriatriako obrak egiten ari dira, eta "aurrera doaz" eguneko zentroa Burdinoleta kalera lekualdatzeko tramiteak.

17.475.000 euroko aurrekontu proposamena

Agintaldi osoan zehar aurreikusitako epeetan gauzatu nahi ditu Agintaldi Planeko proiektuak Udal Gobernuak, eta horietako batzuk datorren urteko aurrekontu proposamenean txertatu ditu. Hain zuzen, 17.475.000 euroko udal aurrekontua —20.091.592 euroko aurrekontu kontsolidatua— proposatu du taldeak 2024ra begira, aurtengoa baino ia 400.000 handiagoa. "Nolanahi ere, udalak duen inbertsio ahalmena mugatua da, esatea gustatu ez arren. Aurrekontuen diru kopuru handiena diru laguntzetara eta zerbitzuetara bideratzen da, eta inbertsioetarako geratzen den tartea oso murritza da. Garrantzitsua da baliabideak optimizatzea eta lehentasunak ezartzea, etengabeko ariketa dena guretzat, eta hori gure aurrekontuetan ikusten da", azaldu du Azkoitiak. Datorren urteko aurrekontuak osatzeko 200.000 euroko mailegua eskatzea proposatu du hark.

160.000 euroko partida berri bat bideratu nahi du Udal Gobernuak eraikinetan plaka fotovoltaoikoak jartzeko. Euskara sailari dagokion aurrekontua, berriz, %5 igo nahi dute jeltzaleek, han lan egingo lukeen pertsona bat kontratatzeko. Horrez gain, Mugikortasun Plana ere gauzatu nahi dute, "aparkalekuen arazoari eta berdeguneak sortzearen beharrari modu integralean erantzuteko".

Proiektuen alorrean, 100.000 euro bideratu nahi dituzte Ipintzaraino espaloia egiteko —egun, zati bat errepidetik egiten dute oinezkoek— proiektua egitera. Beste 100.000 euro txertatu dituzte bideak asfaltatzera eta espaloiak konpontzera, eta 90.000 euro, berriz, argiteriara.

Skate parkea eraikitzea zein Xabier Munibe ikastolako jolastokia berritzea jaso ditu Udal Gobernuak bere proposamenean. Era berean, landa lursailak digitalizatzen jarraitu nahi du taldeak, eta baserri bideen seinaleak berritzeko 20.000 euroko partida proposatu du.

Aurrekontu proposamena gainontzeko taldeei aurkeztuta, negoziaketak hasiko dituzte gero, eta Udal Gobernuaren asmoa da abenduaren 14an egingo duten udalbatzarrean onartzea. Dena den, jeltzaleek jakin badakite gutxiengoan ari direla gobernatzen, eta beraz, beste alderdien "adostasuna" beharrezkoa dute proposamenak aurrera ateratzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide