Udalak 'Errekauek' proiektua jarri nahi du martxan, erosketak aplikazio bidez egin eta etxean jasotzeko

Iraia Oteiza 2023ko aza. 15a, 12:24

Zerbitzuak aplikazio bidez erosketa zerrenda egin, eta etxean edo kontsignan jasotzeko aukera eskainiko luke. Proiektua martxan jarri aurretik, udalak galdetegi bat bidaliko die herriko establezimendu guztiei, euren iritziak jasota, aplikazioaren xehetasunak ondo lantzeko.

Errekauek proiektua jarri nahi du martxan Azkoitiko Udalak, Herrixenekin eta Iraurgi Berritzenekin elkarlanean. Zerbitzuak aplikazio bidez erosketa zerrenda egin, eta etxean edo kontsignan jasotzeko aukera eskainiko luke. Proiektua martxan jarri aurretik, ordea, establezimenduen iritzia jaso nahi du udalak eskaintzak izan behar dituen ezaugarriak eta xehetasunak ondo lantzeko. Hori dela eta, betetzeko galdetegi bat bidaliko die herriko establezimendu guztiei.

Lanketa Dendartean - Gipuzkoako Merkataritza Elkarteak egingo du, eta faseka burutuko da. Lehenengo Herrixen elkarteko kideei digitalki helaraziko diete galdetegia, eta ondoren, Dendartean elkarteko arduradun bat saltokiz saltoki joango da informazioa jasotzera. Ordura arte erantzun ez duten establezimenduek, arduradunarekin batera galdetegia betetzeko aukera ere izango dute. Udalak saltokiei galdetegia betetzeko eskatu die, egin ditzaketen ekarpenek zerbitzua hobetzeko balioko dutelako. Halaber, herritarrei ere egingo die galdeketa, eta arduradunak kalez kale ibiliko dira informazioa jasotzen.

Errekauek zerbitzua martxan jartzea, Azoka Plazako eraberritze lanekin eta merkataritzaren dinamizazioarekin batera, Europatik jasotako Next Generation funtsen barruko ekimena da, udalak 1.362.949,60 euroko diru laguntza jaso baitu Europatik azoka eta merkataritza biziberritzeko. Udalak berriki atera ditu lizitaziora azoka plazako obrak, eta horri lotuta, Errekauek proiektua abian jartzeko asmoa du. Erosleek Whatsapp bidez egin ahal izango dute enkarguen zerrenda, eta erosketak etxean bertan, azoka plazan egokitzen den kontsignan, edo establezimenduan bertan jasotzeko aukera izango dute, bezeroari ondo datorkion ordutegian. Herritarrei egunerokotasunean erraztasunak emateko modu egokia delakoan sortu nahi du udalak zerbitzu berria.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide