San Jose egoitzan Unitate Psikogeriatrikoa eraberritzeko lanak hasi ditu aldundiak

Ane Olaizola 2023ko aza. 10a, 15:23
Unitate Psikogeriatrikoa, obratan. (Azkoitiko Udala)

San Jose egoitza aldundiaren zaintza eredu berrira egokitzeko proiektuaren barruan ari dira Unitate Psikogeriatrikoa eraberritzen. 15 plazako gunea eraikiko da, banakako logelekin eta bainugela propioarekin, "bizikidetza unitate murriztuak osatuz". 

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azkoitiko Udalak iaz jakinarazi zuten 3,6 milioi euro bideratuko dituztela San Jose egoitza aldundiaren zaintza eredu berrira egokitzeko, eta orduan sinatutako akordioaren barruan, egoitzan Unitate Psikogeriatrikoa (UPSI motakoa) eraberritzeko lanak hasi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. 4.700.000 eurotik gorako inbertsio globalean aurreikusitako jarduketetako bat da.

Udalak jakinarazi du urriaren hasieran ekin zietela obrei eta gutxi gorabehera 15 hilabeteko iraupena izango dutela. Unitatea osorik eraberrituko dute, eta birmoldaketa horren bidez ezarri nahi dute zaintza eredu berria. Izan ere, 15 plazako gunea eraikiko da, banakako logelekin eta bainugela propioarekin, "bizikidetza unitate murriztuak osatuz". Era berean, unitate berria patio baten inguruan sortuko da, eta horrek logeletan argitasun handiagoa eta erabiltzaileentzako espazio propio berria ahalbidetuko dituela azaldu du erakundeak. Logelak bereizitako bi gunetan banatuko dira, modu horretara korridoreak saihestuz. Jarduera horrek 2.949.980 euroko aurrekontua du.

2022ko akordio hartan sinatu zenez, San Jose egoitza birmoldatzeko proiektu osoak hainbat lan aurreikusten ditu, eta horietako beste bat eguneko zentroa herrigunera, Burdinoleta kalera, eramatea. Lan horiei dagokienez, udalak azaldu du eguneko zentroa hara lekualdatzeko izapideak egiten ari dela, eta obrak datorren urteko lehen hiruhilekoan has daitezkeela adierazi du. Horretarako, udalak aldundiari lagako dizkio 454.874 eurotan erositako bi lokalak. Aldundiak espazioaren %65a eta egokitzapen lanak finantzatuko ditu. 356,60 metro koadroko espazioa da, eta 30 plaza izango ditu, egun baino hamar gehiago.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide