Aldundiak 600.000 euroko diru laguntza emango dio udalari, kirol azpiegiturak berritzeko

Ane Olaizola 2023ko aza. 8a, 15:42
Elkarguneko igerilekua. (Azkoitiko Udala)

Batetik, kiroldegiko igerilekuak eta aldagelak berritzeko 495.900 euroko diru laguntza jasoko du udalak, eta herri erakundeak haren exekuzio proiektua eguneratzeko baliatuko du aurtengo partida. Bestetik, udalak udan San Juan futbol zelaian egin zituen berrikuntza lanen zati bat finantzatu du aldundiak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Sailak 8,2 milioi euro bideratuko ditu lurraldeko hainbat herritako kirol azpiegiturak eraikitzera eta berritzera, eta Azkoitiko Udalak 600.000 euroko diru laguntza jasoko du kiroldegiari eta futbol zelaiari dagozkion bi proiektutarako.

Batetik, 495.900 euroko diru laguntza emango du aldundiak, kiroldegiko igerilekuak eta aldagelak berritzeko exekuzio proiektua egin dezan udalak. Herri erakundeak 2021ean onartu zuen Elkarguneko igerileku eta aldagela berrien exekuzio proiektua; orduan, proiektuak 3.518.077 euroko aurrekontua izango zuela jakinarazi zuen Udal Gobernuak, eta aldundiak emandako diru laguntzaren aurtengo partida —hiru zatitan banatuko du aldundiak diru laguntza— exekuzio proiektua eguneratzeko baliatuko du udalak, haren Lurralde Batzordeak hala erabakita.

Udalak azaldu duenez, igerilekua zein aldagelak berritzea da bere asmoa, baina azpimarratu du proiektuak "ahalegin ekonomiko handia" eskatzen duela, eta beraz, haren bideragarritasuna bilatzea premiazkotzat jo du hura gauza dezan.

104.100 eurokoa da aldundiaren Kirol Sailak udalari emango dion beste diru laguntza. Hain zuzen, San Juan futbol zelaian egin dituzten berritze lanetara bideratu dute kopuru hori. Udalak joan den abuztuan amaitu zituen zelaian belar artifiziala berritzeko eta kirol gunea txukuntzeko lanak. 358.212 euroko aurrekontua izan zuten lanek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide