Berritze lanak bukatuta, Anaitasunaren taldeak hasi dira San Juan futbol zelaia erabiltzen

Mailo Oiarzabal 2023ko abu. 5a, 10:21

Belar artifiziala berritzeaz gain, aulkiak, markagailua eta ateak ere aldatu dituzte. Ekainean hasi zituzten lanak eta aste honetan hasi dira zelaia berriro erabiltzen.

Ekainean hasi zituen Azkoitiko Udalak San Juan futbol zelaian belar artifiziala berritzeko eta kirolgunea txukuntzeko lanak. Horiek bukatuta, aste honetan estreinatu dute Anaitasuna futbol klubaren taldeek zelai berria, denboraldiaurreko entrenamenduekin.

Egoera kaskarrean zegoen zelaiko belar artifiziala aldatzeaz gain, aulkiak, markagailua eta ateak ere aldatu dituzte San Juanen, eta LED argiak jarri dituzte harmailetan.

San Juango hobekuntza lanak burutzeko, herenegun egin zituzten zelai berritua homologatzeko lanak; horiekin, FIFAk egiaztatutako laborategi batek belarraren, betegarriaren eta azpiko oinarri elastikoaren kalitatea egiaztatzen du, FIFA Quality Pro ziurtagiriaren eskakizunak betetzen dituela ziurtatzeko.

Atzo arratsaldean, Ana Azkoitia alkatea eta Igor Isuskiza Kirol zinegotzia San Juanen izan ziren. Pedro Urdapilleta Anaitasunako presidentearekin batera, lanen emaitzak ikusi zituzten udal ordezkariek. Isuskiza "pozik" agertu zen lanen emaitzarekin, eta berritutako kirol azpiegituraren garrantzia azpimarratu zuen, "izan ere, 450 gaztek erabiltzen dute San Juango futbol zelaia". 358.212 euroko aurrekontua izan dute San Juango berritze lanek. Lanak finantziatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiari dirulaguntza eskatu ziola eta "ebazpenaren zain" dagoela jakinarazi du Azkoitiko Udalak.

 

(Argazkiak: Azkoitiko Udala eta Anaitasuna)