Kreditu aldaketak, igerileku berria eta 2022. urteko jaiegunak izan dituzte eztabaidagai udalbatzarrean

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 1a, 16:13
Atzoko udalbatzarrean egindako bozketa bateko irudia.

Hamahiru puntuko zerrenda izan zuten aztergai atzo egindako ohiko udalbatzarrean EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko eta Azkoitia Bai herri plataformako zinegotziek. Hiru ordu laurden inguru iraun zuen bilkurak, eta puntu gehienetan adostasuna adierazi zuten alderdi guztiek.

Azkoitiko Udalak ekaineko ohiko udalbatzarra egin zuen atzo, asteazkena, udaletxeko bilkura areto nagusian. Hamahiru puntuko gai zerrenda aurkeztu zuen Javier Zubizarreta alkateak. Puntu nagusienen artean hizpide izan zituzten kreditu gehigarrien bidez kreditu aldaketak onartzea, Elkarguneko igerileku eta aldagela berrien exekuzio proiektua onartzea, LGTBI+ pertsonen eskubideen aldeko eta sexu askapenerako Nazioarteko Egunaren harira aurkeztutako bi mozioak eztabaidatzea eta 2022. urteko bi jaiegunak zehaztea.

Kreditu aldaketak

1.622.000 euroko kreditu gehigarria aurkeztu zuen udalak udalbatzarrean, eta adierazi zuen hortik ia guztia –1.602.000 euro– gerakinean erabiliko dituela. Gainerako 20.000 euro, berriz, partidaz aldatzea erabaki zuen udalbatzarrak. Merkataritzako hainbat jardueretara bideratuta zeuden 20.000 euro, merkataritza jardueretan dirulaguntza izatera pasatuko ditu udalak. Hain zuzen ere, merkataritza sustatzeko bonoak kaleratzea espero du udalak urrian.

Gerakineko diru zati bat hainbat partidetara bideratuko du udalak, baina zatirik handiena inbertsioetara zuzenduko du, 1.494.000 euro hain zuzen. Besteak beste, Inazio Iriarte 2 zenbakiko lokal bat erosteko 120.000 euro erabiliko ditu udalak. Eraikin horretako lehen hiru solairuak udalarenak direla jakinarazi zuen Ana Azkoitia zinegotziak, eta orain eraikinaren beheko lokala erostea erabaki dutela. Bestalde, Udaltzaingoa Torre Zurira lekualdatu ostean, Berdura Plazarako sarreran egon zen kafetegia alokairuan hartu zion udalak Jasokunde kooperatibari, han erakustokia egokitzeko. Orain, udalak 60.000 euro bideratuko ditu Portaleburu erakustokia egokitzeko.

Azkoitiak, aitzitik, Txerloiako tenis pistak estaltzeko proiektua berriz ere mahai gainean jarriko dutela azaldu zuen. 475.000 euroko partida zuzendu du udalak proiektu horretara, eta 2022. urteko negurako pistak estalita egotea nahi dutela adierazi zuen. Irailetik aurrera, aldiz, Floreagako bigarren igogailuaren prozedura martxan jartzea nahi duela ere azpimarratu zuen Azkoitiak. 810.000 euro zuzenduko dituzte auzoko bigarren igogailua eraiki ahal izateko.

EH Bildu abstenitu egin zen kreditu aldaketen puntuan. "Orokorrean alde" agertu zen koalizioa udal gobernuak proposatutako kreditu aldaketekin, baina Iraitz Otaño koalizioko bozeramaileak adierazi zuen "ez dela tenis pista estaltzeko momentua", besteak beste, "diru partida oso handia" bideratu behar delako. Honela arrazoitu zuen erantzuna bozeramaileak: "Badaude proiektu garrantzitsuagoak, besteak beste, Floreagako edota San Martingo irisgarritasuna. Horietan gehiago sakontzea egokiagoa dela uste dugu". Azkoitia Bai herri plataformako Jose Joakin Etxaniz zinegotziak, bestalde, aldeko botoa eman zuen, puntu guztiekin bere adostasuna adieraziz.

Elkarguneko igerilekua eta aldagelak

Azkoitia zinegotziak, halaber, azpimarratu zuen alderdi guztiek bultzatzen duten puntua dela Zubiaurre-Elkargunea eraikinean egin asmo duten igerileku berria. Bide horretan, "beste pauso bat" da igerileku eta aldagela berrien exekuzio proiketua onartzea. Alderdi guztiek aho batez onartu zuten atzoko udalbatzarrean exekuzio proiektua, baita egungo igerilekua irisgarritasun aldetik egokitzeko bestelako zenbait lan egitea ere. "Proiektua Marea Urdinaren, Instalakuntza Duinak Orain taldearen, Zubiaurre-Elkargunearen eta Azkoitiko Udalaren artean landu da, eta azken proiektuan aldaketa batzuk planteatu ondoren, aldaketa horiek txertatzea erabaki du udalak", nabarmendu zuen Azkoitiak.

Zinegotziaren esanetan, eraskin bat txertatu dute proiektua "irisgarritasun aldetik hobetzeko" eta egungo igerilekuko "materiala hobetzeko". Proiektuak, BEZa barne, 3.518.077 euroko aurrekontua izango duela jakinarazi zuen zinegotziak. Normalean proiektuak dekretuz onartzen badira ere, duen balioagatik udalbatzari egokitu zitzaion atzo exekuzio proiektua onartzea.

Jaiegunak eta mozioak

Bestalde, udalak eztabaidagai izan zituen 2022. urteko lan ondorioetarako Azkoitiko bi jaiegunak eta LGTBI+ pertsonen eskubideen aldeko eta sexu askapenerako Nazioarteko Egunaren harira EH Bilduk zein EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako mozioak. Aho batez onartu zuten 2022. urteko irailaren 9a, Arantzazuko Amaren Eguna, eta azaroaren 30a, San Andres Eguna, datorren urteko bi jai egunak izatea.

Era berean, LGTBI+ pertsonen eskubideen aldeko eta sexu askapenerako Nazioarteko Egunaren bueltan, EH Bilduk nahiz EAJk eta PSE-EEk mozio bana aurkeztu zuten atzo, eta Udal Gobernuak aurkeztutakoak lortu zuen babesa, gobernuko bi alderdietako ordezkarien baiezkoarekin. EH Bilduk bere mozioa babestu zuen eta Azkoitia Bai herri plataformak ezezko botoa eman zien bi mozioei.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide