Gaurtik martxan da Floreagako bigarren igogailua

Julene Frantzesena 2023ko abu. 11a, 15:15

Aizkibel eta Zuazola kaleen arteko bidegurutzean kokatuta dago igogailua, eta hari lotutako bi pasabideak Zuazola plazara eta Floreaga Berri plazara iristen dira. Floreagako irisgarritasun proiektuaren lehen bi faseak bukatu dituzte dagoeneko.

Bukatu dute dagoeneko Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko lanen bigarren fasea, eta herritarrek gaurtik erabil dezakete igogailu berria. Aizkibel eta Zuazola kaleen arteko bidegurutzean kokatuta dago igogailua, eta hari lotutako bi pasabideak Zuazola plazara eta Floreaga Berri plazara iristen dira.

Igogailu berriak, Floreagako lehenengoak eta Madinabeitia plazakoak bezala, ordutegi mugatua izango du; ez da erabilgarri izango 01:00etatik 06:00etara. Udalak azaldu duenez, neurri hori hartzearen arrazoia "gauez ekintza bandalikoak saihestu eta segurtasuna bermatu" nahi izatea da.

Floreagako irisgarritasun proiektuaren bigarren faseko lanak martxoaren erdi aldean hasi zituzten, eta bost hilabeteko epean bukatu dituzte, "aurreikusitako epean", udalaren arabera. Bigarren igogailuaren obrek 994.235 euroko aurrekontua izan dute, eta Europako Next Generation funtsetako dirulaguntzekin finantzatuko dute zenbateko horren zati bat. Izan ere, udalak dirulaguntza jaso zuen Azoka Plaza eta tokiko merkataritza berritzeko, eta erakundeak esan duenez, proiektu horiek lotuta daude herrigunearen irisgarritasunarekin. 

Bost faseko proiektua

Bere osotasunean bost fase ditu Floreagako irisgarritasun proiektuak eta lehenengo biak gauzatu ditu Azkoitiko Udalak dagoeneko; erakundeak ez du jakinarazi noiz ekingo dien hirugarren faseko lanei. 2021eko urriaren bukaeran jarri zuten martxan lehenengo igogailua. Udalak azaldu duenez, bigarren igogailuarekin auzoaren irisgarritasun arazoaren zati handi bat konpondu dute, eta hurrengo faseei jarraipena ematen saiatuko direla azaldu du Ana Azkoitia alkateak, auzoaren goikaldean bizi diren herritarrek ere "ahalik eta erraztasun eta erosotasun handienarekin mugitzeko aukera" izan dezaten.

(Argazkiak: Azkoitiko Udala)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide