Floreagako irisgarritasuna hobetzeko aukerak mahai gainean

Maxixatzen.eus 2018ko aza. 21a, 11:12
Floreaga auzoko bizilagunak.

Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko, LKS enpresak egindako alternatibak aurkeztu zituen Udalak atzo, asteartea, Elkarguneko aretoan. Auzoko ehunka bizilagun bertaratu ziren aurkezpenera.

Alternatiben arabera, auzo osoari irtenbidea emateko, lau igogailu, hainbat pasabide, ranpak eta zebra bideak jarri beharko dira. Lanak bost fasetan egitea aurreikusten dute adituek. Lanen aurrekontua 1.648.901 eurokoa izango da (BEZa gehitu gabe). Udalak 2019ko aurrekontuetan diru partida bat sartzea aurreikusten du Udalak; urteko udalak duen inbertsio ahalmena 1.200.000 eurokoa da gutxi gora-behera.  

Bizilagunek «eskertu« dute egindako lana eta Udalari eskatu zioten «lehenbailehen hasteko lanak». Javier Zubizarreta alkateak esan zienez, Udalak 2019ko aurrekontuetan lehen eta bigarren faseko proiektuak egiteko diru-partida jartzeko konpromisoa hartuko du. Izan ere, alternatiba bakoitzak bere propiektu propioa garatzea eskatzen du, exekutatu aurretik xehetasun tekniko guztiak jasotzeko. «Borondatea badugu eta soluzioak ere bai. Orain, dirua eta denbora behar ditugu. Hasteko, lehenengo bi faseen proiektuetarako partida jarriko dugu. Argi dugu irisgarritasun arazoei konponbidea eman behar diegula».

Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko dauden alternatiben bideoa:

 

«Azterlanaren planteamendua izan da auzo osoari soluzioa ematea; ez bakarrik bizilagun gutxi batzuei», azaldu dute arduradunek. Irisgarritasun arazoak konpontzen joango dira behetik hasi eta gorantz, Aretxabaletara iritsi arte. «Logika du behetik gora joateak, beheko igogailua jende gehiagok erabiliko baitu goikoa baino. Horregatik, esku-hartze bakoitzarekin kota irabazten joango da eta ez alderantziz», gaineratu dute.

Azterketak aurreikusten duenaren arabera, igogailuak gune hauetan ipini beharko dira: Floreaga eta Zuazola artean, Zuazola eta Floreagaberri artean, Floreagaberri eta Izarraitz artean —lehengo igogailu proiektua berreskuratuz—, eta, azkenik, Izarraitz eta Aretxabaleta artean. Horretaz gain, hirugarren fasean eskaileren ordez arranpak jarriko lirateke Zuazolan.

 

Fase bakoitza, iruditan:

 

1. Fasea – Floreaga-Zuazola.

 

2. Fasea  – Zuazola-Floreagaberri.

 

3. Fasea  – Arranpak jarriko dira Zuazolan.

 

4.  Fasea – Floreagaberriko igogailuaren lehengo proiektua gauzatuko da.

 

5. Fasea – Izarraitz - Aretxabaleta.

 

 

 

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide