Martxan da Floreaga auzoko lehen igogailua

Andoni Elduaien 2021ko urr. 27a, 15:08
Floreagako bizilagunen ordezkariak eta Zubizarreta alkatea, igogailuaren pasareletako batean.

Nola udala hala Floreaga auzoko bizilagunen ordezkariak pozik agertu dira lehen igogailua martxan dagoelako. Udalak bigarren igogailua eraikitzeko "asmoa" eta "konpromisoa" dituela nabarmendu du. Era berean, herriko beste zenbait gunetako irisgarritasun proiektuak lantzen ari da udala.

Gaur eguerdiaz geroztik martxan da Floreaga auzoko lehen igogailua. Hura estreinatzen lehenak izan dira Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea eta auzoko irisgarritasuna hobetzearen alde lan egin duten bizilagunen ordezkariak. Zubizarretak esan du "emandako hitza bete" dutela. "Gauza berri bat lortu dugu, eta oso pauso garrantzitsua eman dugu Floreagako irisgarritasuna %100ean lortzeko. Hasiera bat da, eta pozik nago. Helburuak lortzen direnean, guztiok pozten gara".

Alkateak azaldu du Udal Gobernuaren eta udalaren helburua izan dela irisgarritasunaren aldetik egin behar diren hobekuntzak lortzea. "Egitea posible zela ikusita eta finantzaketa lortuta, egingo genuela agindu genuen. Hitzaren jabe gara, eta begiratu besterik ez dago. Pozik handiena ematen digu garai batean udalera etorri ziren auzokideen eskaera gauzatu izanak. Martxan jarri dugu igogailua eta guztiontzako mesederako gauza bat denez, guztiontzako poza da". Halaber, alkateak bizilagunei bere esker ona adierazi die "elkarlanerarko izan duten prestutasunagatik".

Iñaki Lopez Floreagako bizilagunen ordezkariak "balorazio positiboa" egin du. "Pozik gaude lehen igogailua martxan jarri izanarekin, arazoari irtenbidea emateko lehen urratsa egin baita. Era berean, poztu egiten gara udalak bigarren igogailua egiteko konpromisoa duela jakinda; badirudi datorren urterako amaituta egon daitekeela bigarren igogailua. Hala eta guztiz ere, gustatuko litzaiguke Floreaga-Berritik Izarraitz auzorako hirugarren igogailua ahalik eta lasterren egitea; izan ere, hirugarren igogailu hori funtsezkoa dela uste dugu Floreagako irisgarritasun arazoari irtenbidea emateko. Hiru zatiak eginda, asko poztuko ginateke", azaldu du Lopezek.

2018an egin zuen udalak alternatiben azterlana, eta azaldu du ordutik "etengabeko jarraipena" eman diotela proiektuari. Bere osotasunean bost fase ditu Floreagako irisgarritasun proiektuak eta lehenengoa gauzatu dute. 2019ko azaroan atera zituen udalak lehen bi faseen erredakzio lanak eta urtebete geroago, 2020ko azaroan, abiatu zuen lehenengo faseko lanen lizitazio prozesua, eta sei enpresa aurkeztu ziren. Lehenengo igogailuaren eraikitze lanak aurtengo maiatzean hasi zituzten. Udalaren "asmoa" eta "konpromisoa" da bigarren igogailuarekin jarraitzea. Erredakzio proiektua eginda dagoela jakinarazi du erakundeak, eta "aurki" aterako dituzte lanak lizitaziora. Aizkibel kaletik Zuazola kalera artean eraikiko dute bigarren igogailua. Udalak 810.000 euro inguru zuzenduko ditu bigarren igogailuaren proiektura.

Herriko irisgarritasun proiektuak

Floreagako lanen bide beretsua ari da egiten udala herriko beste hainbat gunetako irisgarritasuna hobetzeko, hala nola San Martin auzoan, San Jose egoitzan eta hilerrian. San Martin auzoaren kasuan, lanketa amaituta du udalak, eta beste bi kasuetan, egiten ari da. Edozein kasutan, erakundeak azaldu du aurki herritarrei aurkezteko moduan izango direla San Jose egoitzako eta hilerriko irisgarritasun proiektuak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide