1973an lortutako balentriak ospatu ditu Anaitasunak

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 9a, 08:58

Afizionatuen Espainiako Kopa Txapelketa irabazi zuen Anaitasuna futbol taldeak 1972-1973 denboraldian, eta orduko taldekideek ospakizun eguna izan zuten atzo, larunbata. Eguerdian, meza izan zuten parrokian, eta gero lagunartean egin zuten bazkaria Joseba jatetxean.

Anaitasunak ospakizun eguna izan zuten atzo, zapatua. Herriko futbol klubak bere historiako balentria handienetako bat lortu zuen duela 50 urte. Hain justu, afizionatuen Gipuzkoako eta Espainiako Kopa Txapelketa irabazi zuen herriko futbol taldeak atzoko egunez –1973ko uztailaren 8an– duela bost hamarkada.

Orduan lortutakoa gogoratu zuten orduko taldekideek zein haien etxekoek, zuzendaritza batzordeko kideek eta egungo klubeko, Realeko, Gipuzkoako Futbol Federazioko nahiz udaleko ordezkariek. Oroigarriak, txapelak, diplomak, bizipenak, emozioak, argazkiak eta txaloak izan ziren nagusi bazkalorduan; izan ere, taldekideei txapel bana eman zien Anaitasuna klubak eta Realak ere oroigarri bat eman zien gorritxoei. Familia argazkia ere atera zuten jatetxean.

1972-1973 denboraldia ahaztezina izan zen futbol taldearentzat; izan ere, 1973ko martxoaren 19an, afizionatuen mailako Gipuzkoako Kopa Txapelketa irabazi zuen aurrena talde gorritxoak. 3-1 nagusitu zen Azkoitiko futbol taldea Tolosaren aurka, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Michelin zelaian. Martxoaren 18an egin zion omenaldia Anaitasunak orduko talde hari, Barakaldoren aurka Txerloian jokatutako partidan.

Gipuzkoan bakarrik ez, Espainian ere txapelduna izan zen talde hura. Gipuzkoako txapeldun izendatuta, Espainiako txapelketara sailkatu zen taldea, eta guztira, lau kanporaketa gainditu zituen finalera iristeko. 1973ko uztailaren 1ean jokatu zuten finalaren joanekoa Cacereñoren aurka Caceresen (Espainia), eta 3-2 galdu zuen han Anaitasunak. Altzibarko futbol zelaian jokatu zuten itzulerakoa urte hartako uztailaren 8an, eta gorritxoek 4-1 irabazi zieten Cacereñokoei, hala afizionatuen Espainiako Kopa Txapelketa irabaziz.

Honako hauek osatu zuten 1972-1973 denboraldian Anaitasunaren taldea:

Jokalariak:

  • Juan Martin Molins
  • Jose Luis Larrañaga
  • Juan Ramon Olalde
  • Juan Luis Segurola
  • Jose Ignacio Lizarazu
  • Javier Juaristi
  • Jesus Juaristi
  • Bixente Badiola
  • Miguel Olaizola
  • Eusebio Berasategi
  • Agustin Aranbarri
  • Jesus Zabala
  • Esteban Etxabe
  • Juan Jose Sagarzazu
  • Jose Mari Larrañaga
  • Jose Luis Larrañaga
  • Ina Juaristi
  • Ina Sagarzazu
  • Jose Elorza
  • Jesus Ibarra
  • Bixente Orozko

Entrenatzailea: 

  • Julen Sagarzazu

Erakusketa, zabalik

Ostiralean zabaldu zuten herriko plazan dagoen Portaleburu erakusketa aretoan orduko balentriak oroitzeko erakusketa. Duela bost hamarkada ateratako argazkiak ikusi eta egunkarietako kronikak irakur daitezke han. Gaur, igandea, 12:00etatik 14:00etara egongo da zabalik azken aldiz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide