Montajes Olaizolako langilearen heriotza salatzeko beste elkarretaratze bat deitu dute astelehenerako

Ane Olaizola 2023ko mai. 17a, 13:59

UGT-Euskadik Bilboko egoitzaren aurrean gaur egin duen elkarretaratzea. (UGT-Euskadi)

LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek deituta, Azkoitiko Ugarte industrialdearen sarreran egingo dute elkarretaratzea, lan heriotzen "erantzule zuzenak" patronala eta Eusko Jaurlaritza direla salatuko dute han. ELAk, bere aldetik, ostiralerako du deituta mobilizazioa.

Azkoitiko Montajes Olaizola enpresan joan zen ostegunean hil zen langilearen heriotza salatzeko, elkarretaratzea deitu dute datorren astelehenerako, hilaren 22rako, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek. 11:00etan izango da mobilizazioa, Azkoitiko Ugarte industrialdearen sarreran —industrialde horretan dago Montajes Olaizola—.

Deitzaileek azaldu dute honako leloa izango duela elkarretaratzeak: Laneko heriotzek arduradunak dituzte: patronala-Jaurlaritza. Sindikatuen arabera, Euskal Herrian 20 pertsona hil dira lan istripuz aurten, eta heriotza horien "erantzule zuzenak" patronala eta Eusko Jaurlaritza direla esan dute." Arauak zein prebentzio neurriak ez dira betetzen patronalak argi duelako kapitala langileriaren bizitzaren aurretik ipintzea merkeagoa ateratzen zaiola. Eta hori gertatzeko ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzaren jarrera konplizea".

Ez da lan heriotza horren aurrean sindikatuek egingo duten mobilizazio bakarra izango astelehenekoa. Izan ere, ELAk atzo deituta, beste elkarretaratze bat egingo dute ostiralean, 11:00etan, lantegiaren aurrean.

Bestalde, UGT-Euskadik ezbehar hori "sakon ikertzeko" eskatu du. Sindikatuak ohartarazi du gizarteak "normalizatu" egin dituela lan heriotzak, eta administrazioek nahiz gobernuak "arreta handiagoa" jarri behar diotela urtero Espainiako Estatu osoan ia mila langile eta Araban, Bizkaian nahiz Gipuzkoan 30 lagun baino gehiago hiltzen dituen "gaitzari". Azkoitiko lan heriotza salatzeko, elkarretaratzea egin du sindikatuak gaur, Bilboko bere egoitzaren aurrean.

Hiru metrotik erorita

LABek astelehenean jakinarazi zuen Azkoitiko Ugarte industrialdean dagoen Montajes Olaizola enpresan 62 urteko langile bat hil zela aurreko ostegunean. jakinarazi du LAB sindikatuak. Behargina "luma-garabi" bat erabiltzen ari zela "hiru metro baino gehiagoko altueratik" erori zen, eta istripuaren lekuan hil zen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide