Azkoitiko lan heriotza salatzeko elkarretaratzea deitu du ELA sindikatuak ostiralerako

Andoni Elduaien 2023ko mai. 16a, 15:09
(Argazkia: ELA)

Elkarretaratzea 11:00etan egingo dute Ugarte industrialdean dagoen Montajes Olaizola lantegiaren aurrean. ELAk nabarmendu du jada hemezortzi lagun hil direla lanean aurten, Hego Euskal Herrian. 

ELA sindikatuak joan den ostegunean Montajes Olaizola enpresan jazo zen lan heriotza salatzeko elkarretaratzea deitu du datorren ostiralerako, maiatzak 19. Kontzentrazioa 11:00etarako deitu dute, Ugarte industrialdean dagoen lantegiaren aurrean.

Ezbeharraren berri atzo eman zuen LAB sindikatuak, eta jakinarazi zuenaren arabera, 62 urteko langile bat hil zen "luma-garabi" bat erabiltzen ari zela "hiru metro baino gehiagoko altueratik" erorita. Istripuaren lekuan hil zen langilea —ez dute zehaztu non jazo zen—. ELAk nabarmendu du jada hemezortzi lagun hil direla lanean aurten, Hego Euskal Herrian.

UGTk, ikerketa eskaera

Bestalde, UGT-Euskadik joan den osteguneko lan istripua "sakon ikertzeko" eskatu du. Sindikatuak ohartarazi du gizarteak "normalizatu" egin dituela lan heriotzak, eta administrazioek nahiz gobernuak "arreta handiagoa" jarri behar diotela urtero Espainiako Estatu osoan ia mila langile eta Araban, Bizkaian nahiz Gipuzkoan 30 lagun baino gehiago hiltzen dituen "gaitzari". 

"UGTk urteak daramatza salatzen prekarietateak, gehiegikeriak eta enpresa askok etekinak lortzeko duten neurriz kanpoko grinak lan-baldintzen okertzea eragiten dutela; laneko ezbehar-tasa oso handia da". Sindikatuarentzat "ez da onargarria" langileak lanera joanda beraien segurtasuna eta osotasun fisikoa "arriskuan" jartzea. Horren aurrean, "langileen eskubideak errespetatuko dituen lan harremanen eredua" eskatu du sindikatuak, baita Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea modu eraginkorrean beteko duen eredua ere.

Ildo horretan, sindikatuko arduradunek azpimarratu dute "beharrezkoa" dela prebentzio kultura enpresen estrategiaren parte izatea. "Lan istripu gehienak saihestu daitezke, eta saihestu egin behar dira". Azkoitiko lan heriotza salatzeko, elkarretaratzea egingo du sindikatuak bihar, asteazkena, Bilboko bere egoitzaren aurrean (12:00). Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea "zorrotz" bete dadila eskatuko dute. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide