Montajes Olaizola enpresan langile bat hil da, LABek jakinarazi duenez

Ane Olaizola 2023ko mai. 15a, 17:15

Joan zen ostegunean gertatu zen ezbeharra, 62 urteko langilea "hiru metro baino gehiagoko altueratik" erorita. LABek istripua salatu du, eta elkartasuna adierazi die beharginaren senideei. Datozen egunetan egin daitezkeen mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu herritarrak.

Azkoitiko Ugarte industrialdean dagoen Montajes Olaizola enpresan 62 urteko langile bat hil dela jakinarazi du LAB sindikatuak. Haren arabera, joan zen ostegunean izan zen ezbeharra, "luma-garabi" bat erabiltzen ari zela "hiru metro baino gehiagoko altueratik" erorita. Istripuaren lekuan hil zen langilea —ez dute zehaztu non jazo zen—.

LABek adierazi du eraikuntzaren arloan gertatu dela lan istripu hori, eta ohartarazi duenez, sektore horretan gremio ezberdinen koordinazioan sortzen diren arrisku gehituak kontrolatzeko araua "ez da betetzen". "Honela uler daiteke pairatzen duten istripu tasa handia", gaineratu du.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzaren "jarrera konplizea" salatu du sindikatuak. Haren arabera, iaz, "lan osasunaren galera medio", Jaurlaritzak 650 espediente jarri zituen abian, eta trafiko arau-hausteen inguruan 291.000 espediente abiatu ziren. "Esan beharra dago trafiko istripuetan eta lan istripuetan heriotza kopuru bera erregistratu zela 2022an EAEn. Enpresarien inpunitatearen erakusle da adibide hori", esan du LABeko Lan Osasun idazkaritzak.

LABek elkartasuna adierazi die beharginaren senideei, hurbilekoei zein lankideei, baita "Euskal Herriko langile guztiei" ere. Era berean, datozen egunetan egin daitezkeen mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu herritarrak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide