Asier Karrera presoaren gradu aldaketa salatu eta hura etxeratzea eskatu dute plazan

Andoni Elduaien 2023ko ots. 15a, 19:33
Ehun lagun inguru elkartu dira arratsaldean plazan egindako elkarretaratzean. (Andoni Elduaien)

Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, espetxera itzuli behar izan zuen ostiralean Azkoitiko bizilagunak. Azkoitiko Sarek deituta, elkarretaratze isila egin dute gradu auzitegiaren erabakia salatzeko eta haren etxeratzea eskatzeko.

Azkoitiko bizilaguna den Asier Karrera preso etxarriarrari hirugarren gradua baliogabetu zion joan den astean Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta horren aginduz, espetxera itzuli behar izan zuen ostiralean. Azkoitiko Sarek deituta, erabaki hori salatzera plazara atera dira dozenaka herritar gaur, asteazkena. Ehun lagun inguru elkartu dira 19:00etan egin duten elkarretaratzean, tartean EH Bilduko zenbait zinegotzi.

Sareko kideek elkarretaratzearen ondoren azaldu dute Karrera urriaren 6tik zegoela hirugarren graduan, "inongo arazorik gabe eta legeak dioen bideari jarraituz", birgizarteratze fasean. "Legea eskuan hartuta, Asierrek baldintza guztiak betetzen ditu hirugarren graduan egoteko, zigorraren erdia baino gehiago beteta, hiru laurdenak maiatzean betetzen dituelako".

Fiskaltzak, "Auzitegi Nazionalaren laguntzaz", legedia arruntaren ezarpenaren aurrean zein etxeratze prozesuaren aurrean "oztopoak jartzen jarraitzen" duela salatu du plataformak, eta hala elkarbizitza "zangotrabatu" egiten dela. "Egoera hori eta Fiskaltzaren nahiz Auzitegi Nazionalaren jarrera salatzeko batu gara hemen, baita Asierrek etxean behar lukeela argi adierazteko ere. Legeak ezarritako bideari oztopoak jartzeko jarrera iraganeko egoerara itzultzeko nahiarekin baino ezin dugu lotu, halakorik ezin baita bestela ulertu".

Plataformarentzat "izugarria" da 2023. urtean "oraindik mendekuan eta gorrotoan oinarritutako jarrerekin" jarraitzea. "Guk elkarbizitza eraiki nahi dugu, eta hori guztion artean egin behar dugu. Salbuespenezko espetxe politika behin betiko amaitzea nahi dugunok elkarlanean aritu behar dugu, hori baita erantzunik eraginkorrena. Ezin ditugu atzerapauso hauek onartu".

Era berean, plataformak gogoratu du Karreraren kasua ez dela "kasu isolatu bakarra", duela hilabete gutxi Xabier Atristain, Mikel San Argimiro, Aitor Esnaola, Joseba Arregi edota Asier Rodriguez presoen egoerak ere salatu baitituzte. "Sei preso horiez gain, beste hamarna preso daude fiskalaren errekurtsoa dela-eta epaiaren zain", azaldu dute.

Fernando Buesa sozialistaren eta haren bizkartzainaren hilketan parte hartzea leporatuta dago preso Karrera. Hura joan den urritik zegoen hirugarren graduan, Martuteneko tratamendu batzordeak hala proposatuta eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak hala erabakita. Joan den ostiralean, ordea, Martuteneko espetxera bueltatu behar izan zuen 23:00etan. Azkoitiko bizilagunak 23 urte daramatza preso, eta aurten bere zigorraren hiru laurdenak beteko ditu.

Azkoitiko Udalak ere haren egoera salatzeko adierazpena onartu du aste honetan, eta ebazpenaren bateragarritasuna eta graduen progresiorako "errespetua" eskatu ditu. Udaleko Bozeramaile Batzordeak onartu du adierazpena, EAJ, EH Bildu eta Azkoitia Bai taldeen aldeko botoekin eta PSE-EEren aurkakoarekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide