Asier Karrera presoaren gradu aldaketa salatzeko adierazpena onartu du udalbatzak

Ane Olaizola 2023ko ots. 13a, 14:23
Azkoitiko udaletxea.

Azkoitiko bizilagunak zigorraren hiru laurdena betetzear duela eta, udalak azpimarratu du legeak eskatzen dituen "baldintza guztiak" dituela hark hirugarren graduan egoteko, eta "kezka" azaldu du Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak espetxe-organoek egindako ebazpenen aurka "behin eta berriz" helegiteak jartzen dituelako. Gaur onartu du udaleko Bozeramaile Batzordeak adierazpena, EAJ, EH Bildu eta Azkoitia Bai taldeen aldeko botoekin eta PSE-EEren aurkakoarekin.

Espainiako Auzitegi Nazionalak Asier Karrera presoari hirugarren gradua baliogabetu ostean, Azkoitiko Udalak haren egoera salatzeko adierazpena onartu du, eta ebazpenaren bateragarritasuna eta graduen progresiorako "errespetua" eskatu du. Udaleko Bozeramaile Batzordeak gaur goizean onartu du adierazpena, EAJ, EH Bildu eta Azkoitia Bai taldeen aldeko botoekin eta PSE-EEren aurkakoarekin.

Urritik joan zen ostiralera arte, hirugarren graduan zegoen Azkoitiko bizilaguna, Martuteneko tratamendu batzordeak proposatuta eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak hala erabaki zuelako. "Legeak dioen bezala, birgizarteratze prozesuan zegoen, legeak dioen baldintza guztiak beteta eta lege arrunta aplikatuz. Inongo arazorik gabe zegoen, ez bere egunerokoan ezta Donostiako —bere lan baimenaren hiria— eta Azkoitiko herrian ere", esan du adierazpenaren bidez udalak.

Udal erakundeak azpimarratu du Karrerak bere zigorraren hiru laurdena beteko duela maiatzean —2000. urtetik dago preso—, eta zigorraren erdia beteta duela, legeak eskatzen dituen "baldintza guztiak" dituela hirugarren graduan egoteko. Era berean, "kezka" azaldu du Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak espetxe-organoek egindako ebazpenen aurka "behin eta berriz" helegiteak jartzen dituelako. "Kontuan hartu behar da organo horiek direla presoek espetxean duten bilakaera ondoen ezagutzen dutenak", gaineratu du.

Hori dela eta, ebazpenek "merezi duten errespetua" aintzat hartuta, ebazpen horiek eta Espetxeetako Administrazioko organoen erabakiak "bateragarriak" izan daitezela galdegin du udalak, gradu progresioak zein espetxeko baimenak "arau" izan daitezen, eta ez "salbuespen".

Azkoitiko Sarek, bestalde, Carreraren egoera salatzeko elkarretaratzea du deituta asteazkenerako; 19:00etan elkartuko dira, plazan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide