Asier Karrera presoaren hirugarren gradua baliogabetu du Espainiako Audientzia Nazionalak

Andoni Elduaien 2023ko ots. 11a, 12:00
Martuteneko espetxera itzuli behar izan du Karrerak. (Irutxuloko Hitza)

Azkoitiko bizilaguna den Asier Karrerak Martuteneko espetxera bueltatu behar izan zuen atzo gauean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak hura bigarren gradura itzultzea eta espetxera bueltatzea agindu ondoren.

Azkoitiko Sarek jakinarazi duenez, Azkoitiko bizilaguna den Asier Karrera preso etxarriarrari hirugarren gradua baliogabetu dio Espainiako Audientzia Nazionalak. Karrera joan den urritik zegoen hirugarren graduan, Martuteneko tratamendu batzordeak hala proposatuta eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak hala erabaki zuelako.  

Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakiz, ordea, bigarren gradura itzuli eta espetxera bueltatu behar izan zuen atzo gauean; 23:00etan sartu behar izan zuen hark Donostiako espetxera. Azkoitiko bizilagunak 23 urte daramatza preso, eta aurten bere zigorraren hiru laurdenak beteko ditu. Fernando Buesa sozialistaren eta haren bizkartzainaren hilketan parte hartzea leporatuta dago preso Karrera.

Etxeratek, Euskal Preso eta Iheslari Politikoen Senide eta Lagunen Elkarteak, "haserrea eta ezinegona" adierazi nahi izan ditu ohar bitartez. Elkarteak azaldu du Karreraren "eskubideak urratuak" izan direla, eta mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu du.

Hain justu, datorren asteazkenean, otsailak 15, elkarretaratzea egingo dute herriko plazan, 19:00etan, Azkoitiko Sarek deituta. Espainiako Audientzia Nazionalak hartu duen erabakia salatuko dute, eta plataformak mobilizazioan parte hartzeko deia egin die herritarrei.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide