Milako langa igaro du Azkoitiko intzidentzia tasak

Aitziber Arzallus 2021ko abe. 6a, 15:09

100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasa 1.034,80koa da gaur-gaurkoz, joan zen ostegunean baino zertxobait altuagoa. Azken lau egunetan 30 positibo hauteman dituzte.

Eusko Jaurlaritzak argitaratu berri ditu azken lau egunetan egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta Azkoitian, guztira 30 positibo izan dira. Joan zen ostegunean 934,46koa zen intzidentzia tasa, eta, orain, 1.034,80ra igo da. Hurrenez hurren, honakoak izan dira egunez egun zenbatutako positiboen emaitzak: ostegunean 11, ostiralean hamar, herenegun lau eta atzo bost.

Eskualdeko datuei dagokienez,  ostegunaz geroztik 362 positibo baieztatu dituzte Urola Kostan. Azpeitiko egoera da denetan kezkagarriena: lau egunean 116 kasu atzemanda, 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa 2.943,50era igo da han. Astebeteko datuak kontuan hartzera, 232 positibo izan dira joan den astelehenetik herrian zenbatu dituztenak.

Zarauzko egoerak ere nabarmen egin du okerrera. Ostegunaz geroztik 111 kasu hauteman dituzte han, eta intzidentzia tasa oraindik Azpeitikoaren erdira iristen ez den arren, oso bizkor ari da igotzen. Gaur-gaurkoz, 1.400,61ekoa da tasa. Azken egunotan positibo gehien baieztatu dituzten herrien zerrendan hirugarrena Orio da. Lau egunean 41 izan dira, eta ondorioz, 1.369,86ra igo da hango intzidentzia tasa. Zumaian, 31 positiborekin, 976,90ekoa da tasa.

5.000 biztanletik behera dituzten eskualdeko herrietan, egoera ez da lasaigarriagoa. Zestoan hamazazpi positibo atzeman dituzte azken lau egunotan, Getarian hamabi, Aian bederatzi eta Aizarnazabalen lau. Intzidentzia tasa oso altuak dituzte guztiek, 1.000tik gorakoak, eta Getariak ia 2.000koa du. Errezilen eta Beizaman bareago dago egoera. Errezilen kasu bat baieztatu dute ostegunaz geroztik, eta Beizaman bat bere ere ez.

Hego Euskal Herrian, 1.500 positibotik gora

Hego Euskal Herrian, soilik atzo, 1.548 positibo zenbatu zituzten, eta pixkanaka-pixkanaka hazten doa ospitaleetako presioa. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, duela astebete COVID-19ak jotako 229 lagun zeuden Arabako, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan ospitaleratuta, eta 266 dira gaur. Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU) ere, goranzkoa da joera: joan den astelehenean 49 lagun zeuden, eta 70 daude gaur.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide