Hiru egunetan, 29 positibo

Aitziber Arzallus 2021ko abe. 2a, 17:35

Azken hiru egunetan 29 kasu positibo zenbatuta, 934,46ko intzidentzia tasa izatera iritsi da Azkoitia. Eskualdean, ia 300 positibo hauteman ditu Osasun Sailak astelehenetik atzora bitartean egindako testetan. Osasun larrialdia bihar sartuko da indarrean, eta Jaurlaritzak bihar erabakiko ditu neurri murriztaileak Labiren bileran.

Eusko Jaurlaritzak gaur, osteguna, kaleratu du koronabirusaren bilakaerari buruzko txostena, aste honetako bigarrena, eta oraingoak ere ez dakar berri onik: astelehenaz geroztik, 297 positibo baieztatu dituzte Urola Kostan. 11 herrietako inor ez da libratu, denetan izan dute kasuren bat, eta 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa baxuena duen herriak ere 770etik gorakoa du. Azkoitian 29 positibo detektatu dituzte azken hiru egunetan –bederatzi astelehenean, zortzi asteartean eta hamabi asteazkenean–. Kasu metatuen tasa, berriz, 934,46koa da herrian –784,44koa zen astelehenean–.

Eskualdeko zerrenda gorriaren buruan Azpeitia dago, 2.635eko intzidentzia tasarekin. Azken hiru egunotan 116 positibo baieztatu dituzte han; soilik asteartean, 62 kasu berri zenbatu zituzten. Haren atzetik, Zarautz, 1.182ko tasarekin, hiru egunean 86 positibo batuta. Orion eta Zumaian, berriz, 815eko intzidentzia tasa dute. Orion hamar positibo atzeman dituzte azken hiru egunotan, eta Zumaian, 22.

Eskualdeko gainontzeko herrietako intzidentzia tasak ere oso altuak dira, baina kontuan izan behar da zenbat eta biztanle gutxiago, positibo bakoitzak orduan eta eragin handiagoa duela tasan. Hala ere, azken hiru egunotan aipatzeko moduko positibo kopurua pilatu dute batzuek: Getarian hamahiru izan dituzte, Zestoan bederatzi, eta Aian zortzi. Azkenik, Beizaman bi positibo atzeman dituzte, eta Aizarnazabalen eta Errezilen, bana.

Ia 2.000 positibo

Hego Euskal Herriko datuak ez dira hobeak: atzo, denera, 1.924 positibo atzeman zituzten. Dena dela, esan beharra dago koronabirusa detektatzeko egiten ari diren proba kopurua ere duela aste batzuetakoa baino askoz handiagoa dela. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, orotara, 13.425 test egin zituzten atzo, eta horietatik 1.361ek eman zuten positibo. Igandean, aldiz, 6.389 test egin zituzten, eta 663 izan ziren positiboak. 

Erietxeetako egoera ere okertzen doa pixkanaka. Duela hamar egun, Osakidetzaren zentroetan 168 lagun zeuden ospitaleratuta eta 31 zeuden Zainketa Intentsiboen Unitateetan (ZIU). Orain, berriz, 207 daude ospitaleratuta, eta 55 daude ZIUetan. 

Labiren bilera

Eusko Jaurlaritzak asteartean jakinarazi zuen berriz osasun larrialdi egoera ezarriko duela. Urkullu lehendakariak jakinarazi du gaur bertan sinatuko duela osasun larrialdia deklaratzeko dekretua, eta bihar arratsalderako bilerara deitu du Labi. Besteak beste, COVID ziurtagiria martxan jartzeko eta neurri murriztaileak adosteko izango da bilkura. Halaber, COVID ziurtagiria nola eta noiz ezarriko duten zehaztuko dute, Espainiako Auzitegi Gorenak erabiltzeko baimena eman baitio Jaurlaritzari.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide