Saharar herriari babesa helarazteko elkarretaratzea egin dute plazan

Andoni Elduaien eta Gorka Eizagirre 2021ko aza. 13a, 15:40

Dozenaka lagun elkartu dira eguerdian plazan, Saharar herriari elkartasuna eta babesa adierazteko. Bihar urtea beteko da Marokok Mendebaldeko Sahararekin zuen su eten akordioa hautsi zuenetik.

Saharar herriari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute gaur, larunbata, Azkoitian. Bihar, hilak 14, urtea beteko da Marokok Mendebaldeko Sahararekin 1991tik indarrean zuen su eten akordioa hautsi zuenetik eta Fronte Polisarioak gerra egoera ezarri zuenetik. Gertaera horren harira, hainbat mobilizazio egin zituzten iaz Saharari elkartasuna adierazteko, eta urtebete geroago, gaur, hainbat herritarrek egin dute bat Juventud Activa Saharauik (JAS) eta Zumaiako Darahli elkarteak deitutako elkarretaratzearekin.

Saharar herriarekin elkartasuna, giza eskubideak babestu lelopean egin dute elkarretaratzea; Sahararentzako erreferenduma eta giza eskubideak babestea eskatu dute herritarrek eta Azkoitian bizi diren saharar komunitateko kideek. Gaur, sahararrei babesa eman eta dagozkien eskubideak eskatzera joan dira milaka eta milaka lagun Madrilera (Espainia). Azkoititian ere aldarrikapen berdinak izan dituzte. "Saharar askok 46 urte daramatzate errefuxiatuta Tindufeko basamortuan bizirauten, eta, beste batzuk, Marokok okupatutako lurraldeetan daude errepresioa jasaten. Oinarrizko giza eskubideak ez dira betetzen ez batean eta ez bestean", azaldu du Irati Lizarralde Juventud Activa Saharaui (JAS) taldeko eta Zumaiako Darahli elkarteko kideak. Kanpamenduetan jaiotako haurrei babesa eman nahi izan die Lizarraldek, eta hango egoerak komunikabideetan ohartzunik ez duela salatu du.

Lizarralderen esanetan, "arrazoi ugari" daude Saharari elkartasuna adierazteko. Besteak beste, nabarmendu ditu "egunero" jasaten dituztela sahararrek Oinarrizko Giza Eskubideen urraketak, eta urtebete pasatu dela Marokok su etena hautsi zuenetik. Hori horrela, nabarmendu du arazoari irtenbidea emateko, nazioarteak ez duela "inolako aurrera pausorik" eman. Azkoitiarrak jakinarazi du, Mendebaldeko Saharan zenbait enpresa "baliabide naturalen espoliazio ilegala" egiten ari direla, baina neurriak "inork ez" dituela hartzen.

Emakumeak eta Sultana Jaya aktibista ere ere gogoan izan ditu Lizarraldek. "Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetako emakume saharar guztiek gure babesa merezi dute, Marokoko okupazio-indarren eskutik jazarpena eta tratu txarrak jasaten ari direlako. Marokoko poliziak Sultana Jaya aktibistari eta haren familiari etxea setiatu diote, baita erasotu eta bortxatu ere".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide