Sahara libre baten alde, jende ugari elkartu da plazan

Ihintza Elustondo 2020ko aza. 15a, 13:35

Mendebaldeko Sahararekin adostutako su eten akordioa hautsi zuen Marokok ostiralean, eta, horren aurrean, Fronte Polisarioak gerra egoera ezarri zuen atzo. Gertaerak salatzeko, hainbat herritarrek protesta egin dute eguerdian plazan.

Marokoren eta Mendebaldeko Sahararen arteko tentsioak gora egin zuen ostiralean; izan ere, 1991tik indarrean dagoen su eten akordioa hautsi zuen Marokok. Rabatek armada bidali zuen Guergueratera, herrialde okupatuaren eta Mauritaniaren arteko mugara, dozenaka manifestari sahararrek urriaren 21ean ezarri zuten garraio blokeoa desegitera. Horren aurrean, Fronte Polisarioak gerra egoera ezarri zuen atzo Mendebaldeko Saharan.

Errealitate horren aurrean, protestak ari dira egiten Euskal Herriko hainbat txokotan, eta Azkoitian ere elkartu dira gertaerari erantzuteko. Herriko saharar komunitateak eta Sortuk deituta, elkarretaratzea egin dute 12:30ean plazan, eta jende ugari bertaratu da, Saharako banderak eta aldarriz beteriko pankartak hartuta. Besteak beste, Marokoren eta Espainiako Gobernuaren aurkako oihuak entzun ahal izan dira. 

Protestaren bidez, Minursori [Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioa] beharrezko neurriak hartzeko eskatuko diote. NBEren misioa 1991n eratu zen autodeterminazio erreferenduma antolatzeko eta su etena zaintzeko helburuekin. 29 urte igaro dira ordutik, eta autodeterminazio erreferenduma behingoz gauzatzea eskatu dute gaurko elkarretaratzearen bidez. Era berean, elkartasuna adierazi diete gaur elkartutakoek Fronte Polisarioari eta Saharako Errepublika Arabiar Demoktratikoari (RASD). 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide