Joseba Beristainek parte hartu duen 'Loop' filmak hainbat sari eskuratu du Weird Market jaialdian

Ane Olaizola 2021ko urr. 5a, 08:45

Konposatzaile azkoitiarrak musika jarri dio film laburrari, eta Ikuslearen saria eta Epaimahaiaren aipamen berezia jaso ditu lanak.

Weird Market Nazioarteko Animazio Jaialdia egin dute hamahirugarrenez asteburuan Segovian (Espainia), eta Joseba Beristain azkoitiarrak parte hartu duen Loop film laburra saritu dute han. Hain zuzen ere, Ikuslearen saria eta Epaimahaiaren aipamen berezia jaso ditu ikus-entzunezkoak.

Pablo Polliedri argentinarrak zuzendu du filma, eta Uniko etxeak ekoitzi. Konposatzaile azkoitiarra, berriz, filmari musika jartzeaz arduratu da, eta ez da hark lan horrengatik sariren bat jasotzen duen lehenengo aldia. Izan ere, pasa den abuztuan Jatorrizko Musika Onenaren saria eskuratu zuen Tarazonako (Aragoi, Espainia) XVIII. Komedia Zinemaldian; maiatzean, berriz, Quirino sarietako bat jaso zuen Tenerifeko La Laguna hirian (Espainia), Animazio Iberoamerikarreko Soinu eta Jatorrizko Musika Onenaren kategorian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide