Joseba Beristainek saria jaso du 'Loop'-en egindako lanagatik Tarazonako XVIII. Komedia Zinemaldian

Anartz Izagirre 2021ko abu. 24a, 11:04
Joseba Beristain, Tarazonan jasotako sariarekin. (Utzitakoa)

Pablo Polliedri zuzendariaren 'Loop' film laburraren musika egin du azkoitiarrak, eta joan den asteburuan jaso zuen saria, Jatorrizko Musika Onenaren kategorian.

Joseba Beristain musikari azkoitiarrak Jatorrizko Musika Onenaren saria erdietsi du Tarazonako (Aragoi, Espainia) XVIII. Komedia Zinemaldian, Loop film laburrean egindako lanagatik. Joan den asteburuan jaso zuen saria azkoitiarrak. Uniko ekoiztetxeak egindako filma da Loop, eta Pablo Polliedri argentinarrak zuzendu du; Beristainek, berriz, musika jarri dio film laburrari. Gainera, ez da azkoitiarrak ikus-entzunezko horrengatik jasotzen duen sari bakarra; izan ere, Quirino sarietako bat jaso zuen joan den maiatzean Tenerifeko La Laguna hirian (Kanariar uharteak, Espainia), Animazio Iberoamerikarreko Soinu eta Jatorrizko Musika Onenaren kategorian.

Horrez gain, bestelako hainbat proiektutan ere murgilduta dabil azkoitiarra, Xanti Rodriguez azpeitiarrak zuzendutako Pasaia filmeko musika ere hark egin baitu, eta ikus-entzunezko horrek Sitgeseko jaialdiaren 54. edizioko Noves visions-Petit format sailean parte hartuko du. Aitor Goenaga kameralari azkoitiarrak ere parte hartu du film horretan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide