Musika doinuen artean agurtu dute Juan Elorza 'Txanbolin' maisua

Andoni Elduaien 2021ko ira. 14a, 20:39

Gaur agurtu dute azkenekoz Juan Elorza 'Txanbolin'. Herritar asko bertaratu da musikari azkoitiarraren aldeko hileta elizkizunera, eta Azkoitiko Udal Musika Bandak eta Txalkor Txistulari taldeak musika doinuekin agurtu dute.

Azken agur beroa jaso du gaur, asteartea, Juan Manuel Elorza Txanbolin musikari azkoitiarrak. Atzo zendu zen Azkoitian, 94 urte zituela, eta besteak beste, 50 urtez aritu zen Azkoitiko Udal Musika Bandaren zuzendari lanetan. 18:45erako herritar asko eta asko parrokian barruan ziren, baina, beste askok parrokiaren atarian itxaron diote, Azkoitiko Udal Musika Bandaren doinuekin batera iritsi baita Txanbolin eliz atarira.

Hileta elizkizunaren ondoren, nola ez, Udal Musika Bandak eta Txalkor txistulari taldeak musika doinuak eskaini dizkiote Txanbolini. Musika bandak Candido Beristain musikari zenak Elorzari egindako Txanbolin abestia eskaini du, eta gero, Txalkor txistulari taldeak eta musika bandak elkarrekin, Agur jaunak abestia jo dute. Amaieran, eliz atarian bildutako herritarrek txalo artean eman diote azken agurra musika maisu azkoitiarrari.

Erlazionatuak

Juan Elorza 'Txanbolin' hil da

Andoni Elduaien 2021 ira 13 Azkoitia

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide