Juan Elorza 'Txanbolin' hil da

Andoni Elduaien 2021ko ira. 13a, 21:24
Txanbolin, Udal Musika Bandaren lehengo lokalean. (Argazkia: Onintza Lete)

Elorzak, besteak beste, 50 urtez zuzendu zuen Azkoitiko Udal Musika Banda. Haren aldeko hileta elizkizuna bihar, asteartea, 19:00etan izango da Azkoitiko Andre Maria Jasokundeko parroki elizan.

Juan Elorza Txanbolin hil da. Udal Musika Bandako zuzendaria izan zen 50 urtez Elorza, eta Udal Txistulari Taldean ere urte asko egin zituen. Gaur, astelehena, 94 urte zituela zendu da Txanbolin.

Azkoitiko Udal Musika Bandari lotuta egin zuen musika munduko ibilbide luzeena. 1950. urtean, Eusebio Alberdi Txulo hil zenean izendatu zuten bandako zuzendari Elorza. 23 urte besterik ez zituen orduan Elorzak, baina 50 urtez, 2000. urtera bitartean izan zuen bandaren zuzendari kargua. 

Txanbolinek bere kasa ikasi zuen banda zuzentzen, inolako ikasketa ofizialik gabe. Aitonak irakatsi zion solfeoa Elorzari. Musika bandan klarinetea joz hasi zen, baina orkestinan ere saxofoia jotzen zuen. Zuzendari lanak musika irakasle lanarekin ere uztartu zituen Txanbolinek; izan ere, herriko haurrei solfeoa eta musika tresnak nola jo behar ziren irakasten jardun zuen zenbait urtez.

Udal Txistulari Taldeko kide garrantzitsuetako bat ere izan zen azkoitiarra; izan ere, 13 urte besterik ez zituela egin zituen lehen aldiz txistulari lanak Madariaga auzoko festetan. 1990. urtean utzi zion Udal Txistulari Taldeko kide izateari Elorzak, eta orduan ere udalak omendu egin zituen taldeko txistulariak. Azkoitiko Xoxote elkartearen txarangaren sortzaileetako bat ere izan zen Elorza.

1978. urtean, omenaldia egin zioten bere musika ibilbidea eskertzeko, eta musika bandako zuzendari izateari utzi zionean ere omenaldia jaso zuen. 2006. urteko San Juan bezperan, berriz, Azkoitiko Udalak Urrezko Intsignia eman zion Elorzari, herrian kultur arloaren alde egindako lanagatik. 2019. urtean, bestalde, andramaixei hasiera eman zien txupinazoa bota zuen musika bandako kideetako bat izan zen Txanbolin.

Haren aldeko hileta elizkizuna bihar, asteartea, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizan izango da, 19:00etan.

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide