Artisau azoka egingo dute larunbatean Abaraxkan

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 7a, 12:11

Kukuherri elkarteak antolatuta, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bitartean egingo dute larunbatean azoka aterpetxean. Eskualdeko artisauek eta sortzaileek parte hartuko dute azokan.

Azkoitiko Kukuerri Elkarteak antolatuta, artisau azoka egingo dute larunbatean, uztailak 10, Abaraxka aterpetxeko atarian. Elkarteak azaldu du bere sorrerako helburuetako bat dela Azkoitiko eta bailarako gazteei "espresiobide bat" eskaintzea, beren lanak "erakusteko eta entzunarazteko" baliabideak jarriz. Hori horrela, askotariko ekintzak antolatzen ari da Kukuerri Elkartea azken asteetan aterpetxean. Duela aste batzuk, Itsaso eta Ane abeslarien kontzertua izan zen, eta Kattagorri Arte Eskolak oraindik ere irekita du ekainaren erdian zabaldu zuen lanen erakusketa.

Artisautzako lanak erakustea da elkarteak duen beste helburuetako bat, eta horren baitan larunbateko azokan bailarako dozena erdi bat artisauk eta sortzailek parte hartuko dute, gehienak emakumeak. Esparru desberdinetako sortzaileen topaketa izango da larunbatean Abaraxkan, eta hara bertaratzen diren herritarrek beren lanak ikusteko eta artisauekin konektatzeko aukera izango dute, azokaren bitartez "herritarren eta sortzaileen arteko sareak jostea" nahi baitu Kukuerri Elkarteak.

Goizez zein arratsaldez bisitatu ahalko da azoka Abaraxka aterpetxean. 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara egongo da irekita. Kaori Faktoriak Lurgiren eskulangintzaren proiektua aurkeztuko du; izan ere, Afrikarekin duen lotura nabarmentzen da haren oihaletan. Amets eta Lurgi ahizpen Amlu Studioak proiektuak, bestalde, beraiek sortzen dituzten belarritakoen diseinuak, poesiak eta ilustrazioak erakutsiko dituzte. Txekiar Errepublikako eta Mexikoko bi emakume artisauen elkarlanetik sortutako arropa eta osagarri birziklatuen proiektua ere ikusi ahal izango da Azkoitiko Mixaren Endredamakinaren eskutik.

Marrak proiektua ere Abaraxkan izango da. Formatu eta material desberdinetan marraz marra mundua eta bere "nia" lantzen, irudikatzen eta koloreztatzen dabilen artista da Marra. Monica Lozano Jewelryk, ostera, zilarrarekin eta beste metal batzuekin sortutako bitxiak erakutsiko ditu. Azpeitiko Keizpe Studiok, berriz, artea, serigrafia, tatuaje eta ilustrazio lanak izango ditu erakusgai. Pitxibitxik, berriz, zilarrezko eskulanak jarriko ditu ikusgai Abaraxkan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide