Kattagorri Arteakoen lanak jarri dituzte erakusgai Abaraxkan

Nerea Uranga 2021ko eka. 12a, 12:40

Kukuerri elkarteak Bailarako artisten leihoa egitasmoa abiatu du gaur, Abaraxka aretoan. Lehenengo jardunaldi honetan, Kattagorri Artea eskolakoen lanen erakusketa jarri dute ikusgai eta eskola horretako artistek beren lanak egiten jardun dute Abaraxkako atarian. Eguna borobiltzeko, Itxaso eta Ane musikarien kontzertua izango da bertan, 19:00etan hasita.

Iñigo Borda artistak orain dela bost hilabete jarri zuen martxan Kattagorri Artea eskola Azkoitian. Gaur arte eskola horretako ikasleek egindako lanen erakusketa zabaldu dute Abaraxka aretoan. Teknika desberdinekin egindako artelanak ikusteko aukera dago bertan, hala nola margoak, marrazkiak, txotxongiloak, buztinezko irudiak...Erakusketa zabaltzearekin batera, goiz partean, Kattagorri Arteako hainbat ikaslek margotzen nahiz buztinezko irudiak lantzen jardun dute Abaraxkaren atarian.

Kattagorri Arteakoen erakusketa hilabetez egongo da ikusteko moduan Abaraxka aretoan. Erakusketa hau Kukuerri elkarteak abiatutako Bailarako artisten leihoa egitasmoko lehen jardunaldia izan da. Proiektu honen bidez, bailarako artisten lanei erakusleiho bat eskaini nahi die Kukuerrik.

Arratsaldean, musika

Artea eta musika uztartuko ditu Kukuerri elkarteak gaurkorako antolatutako ekitaldiak. Hala, 19:00etan, Itxaso eta Ane musikariek kontzertua eskainiko dute Abaraxka aretoan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide