158,56ra jaitsi da Azkoitiko intzidentzia tasa

Ihintza Elustondo 2021ko eka. 21a, 13:40

Ostiraletik igandera bitartean lau kasu zenbatu ditu Osasun Sailak Azkoitian, eta astebetean eremu gorritik horira igarotzea lortu du. Urola Kostako egoerak ez ezik, Hego Euskal Herrikoak ere hobera egin du. 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratu ditu COVID-19ari lotutako azken hiru egunetako datuak, eta egoerak hobera egiten jarraitzen du. Hain zuzen ere, 11 positibo zenbatu dituzte asteburuan eskualdeko herrietan, joan zen asteburuan baino hiru gutxiago. Gainera, une honetan 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri guztiak eremu horian daude; izan ere, joan zen asteazkenean atera zen eremu gorritik Azkoitia –duela astebete eremu gorrian zegoen Urola Kostako herri bakarra zen–. Lau kasu atzeman dituzte Azkoitian –bat ostiralean, bi larunbatean eta bat atzo–, eta une honetan, 158,56koa da 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasa.

Bestalde, Azpeitian zenbatu dituzte positibo gehien asteburuan; bost, hain zuzen ere –bi ostiralean, bi larunbatean eta bat atzo–. Dena dela ere, 190,54ko intzidentzia tasa dute herri horretan. Zarautzen eta Zumaian, bestalde, positibo bana baieztatu dute asteburuan; bi herrietan, ostiralean zenbatu zituzten kasuak. Zarautzen 34,27ko intzidentzia tasa dute, eta Zumaian 162,82koa.

Gainontzeko eskualdeko herrietan ez dute positiborik zenbatu azken hiru egunetan. Aizarnazabalen 260,08ko intzidentzia tasa dute, Errezilen 16,03koa, Getarian 106,01ekoa, Orion 114,16koa, Zestoan 25,68koa, eta Aian nahiz Beizaman hutsean mantentzen da zifra hori.

Hego Euskal Herrian ere, egoera hobea

Hego Euskal Herrian ere hobera egin du egoerak, Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuek adierazten dutenez. Guztira, 119 positibo zenbatu zituzten atzo lau lurraldeetan, duela astebete baino 29 gutxiago; 148 zenbatu zituzten joan zen igandean. Araban 21 kasu atzeman zituzten, 70 Bizkaian, hamalau Gipuzkoan, 21 Nafarroan eta bi lurralde horietatik kanpo. Guztira, 4.828 proba egin zituzten atzo.

Ospitaleratzeen presioa ere arintzen ari da Hego Euskal Herri osoan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 119 pertsona daude ospitaleratuta –157 duela astebete– eta horietatik 50 dira ZIUetan daudenak –60 duela astebete–. Nafarroan, berriz, 28 dira ospitaleetan dauden eriak; 32 ziren joan zen igandean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide