258 kasu positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko eka. 12a, 12:59

Osakidetzak eta Osasunbideak 8.543 froga egin zituzten atzo Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan. Test horien bidez hautemandako positiboen ehunekoa 3,02koa izan da.

Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun sailek jakinarazi dituzte atzo egindako PCR eta Antigeno frogetako emaitzak, eta adierazi dute, guztira, 258 kasu positibo atzeman zituztela ostiralean Hego Euskal Herrian.

Alde batetik, atzo 7.128 froga diagnostiko egin zituen Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta horietatik 199 positiboak izan ziren, % 2,8a hain zuzen ere. Lurraldeka banatuta 22 kasu atzeman zituzten Araban, 118 Bizkaian eta 55 Gipuzkoan; horrez gain, beste erkidego edo lurraldeetan bizi diren herritarren artean beste lau kasu gehiago hauteman zituzten. Ospitaleen egoerari dagokionez, Osakidetzak jakinarazi du COVID-19aren ondorioz hemezortzi pertsona ospitaleratu zituztela atzo, eta koronabirusa duten 63 pertsona daudela ZIUan.

Bestetik, Nafarroan, 1.415 froga egin zituen atzo Osasunbideak, eta 59 kasu positibo atzeman zituzten; hala, positiboen ehunekoa 4,2koa da lurralde horretan. Osasunbideak ez du COVID-19agatik ospitaleratutako kasuen informaziorik zehaztu.

Osakidetzak ez du herriz herriko datuen berririk ematen asteburuetan; datu horien berri astelehenean emango du. Ostegunera arteko datuen arabera, Azkoitiko intzidentzia tasak apur bat gora egin du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide