Bederatzi positibo gutxiago zenbatuta, apur bat gora egin du intzidentzia tasak

Mailo Oiarzabal eta Ihintza Elustondo 2021ko eka. 11a, 12:53

Atzo hiru positibo zenbatu zituzten herrian. Horiekin, 23 lirateke aste guztian zenbatu dituztenak, joan zen astean baino bederatzi gutxiago. Dena dela, apur bat gora egin du  intzidentzia tasak; 458,98koa da zifra hori une honetan, eta 450,64koa zen duela astebete. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herrien artean, eremu gorrian dagoen herri bakarra da Azkoitia.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratutako datuen arabera, hiru positibo baieztatu zituzten atzo Azkoitian. Azken zazpi egunetan, 23 kasu zenbatu dituzte guztira, joan zen astean baino bederatzi gutxiago; 32 kasu atzeman zituzten orduan. Astebeteko positiboen kopurua dezente jaitsi den arren, hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak zertxobait gora egin du: gaur-gaurkoz 458,98koa da zifra hori, eta 450,64koa zen duela astebete. Astebetean, beraz, ez da horrenbeste aldatu Azkoitiko egoera, eta eremu gorrian jarraitzen du herriak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako herrien artean, intzidentzia tasarik altuena Azkoitiak du; eremu gorrian dagoen hiru lurralde horietako herri bakarra da.

Pixkanaka, baina hobetzen jarraitzen du COVID-19aren eraginak bai Urola Kostako herrietan, bai Hego Euskal Herriko lurraldeetan. Izan ere, atzo sei positibo atzeman zituzten eskualde osoan –erdiak Azkoitian–; azken asteko kopururik txikiena da hori, eta bada aldea duela astebeteko datuekin, orduan hogei izan baitziren PCR eta antigeno probetan atzemandako kasu positiboak.

Azkoitiko kasuez gain, Getarian, Zarautzen eta Zumaian zenbatu zituzten atzo positiboak: kasu bana agertu zen herri horietako bakoitzean. Zarautzen (145,91) eta Zumaian (244,23) jaitsi egin da intzidentzia tasa; Getarian, aldiz, 176,68ra igo da.

Eskualdeko gainerako herrietan ez zuten positiborik izan atzo. Azpeitiak eremu laranjan jarraitzen du, baina 302,23ra jaitsi da han intzidentzia tasa. Gainerako herrietan bare dago egoera, positiboen agertzeari zein gaitzaren intzidentzia metatuari dagokionez –gainera, 5.000 biztanletik beherakoak ez dira semaforoen sisteman sartzen–: Aian 50,38ko tasa dute, Aizarnazabalen 260,08koa, Errezilen 161,03koa, Orion 260,93koa eta Zestoan 51,36koa. Beizaman, berriz, gorabeherarik gabe mantentzen dira, tasa hutsean dutela.

Hego Euskal Herrian, antzera

Urola Kostan bezalatsu, azken astebetean hobera egin du pandemiaren bilakaerak Hego Euskal Herrian, baina berdintsuak dira atzoko datuak, herenegungoekiko. 8.313 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan atzo, asteazkenean baino ia mila gutxiago, eta 285 positibo agertu ziren horietan, asteazkenean baino hiru gutxiago: Araban 40, Bizkaian 123, Gipuzkoan 60, Nafarroan 61 eta Hego Euskal Herritik kanpo erroldatutakoen artean beste bat. Positibotasuna zertxobait igo da, %3,1etik %3,4ra, baina OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurritea kontrolpean edukitzeko ezartzen duen %5etik behera mantentzen da.

Erietxeen egoerari dagokionez, Osakidetzaren sarean 36 pertsona ospitaleratu zituzten atzo COVID-19aren eraginez, herenegun baino hamabi gehiago, beraz. ZIUetan, aldiz, behera egin du okupazioak: atzo 71 gaixo zeuden Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitale publikoetako Zaintza Intentsiboko Unitateetan, herenegun baino sei gutxiago. Denera, 187 pertsona zeuden atzo Osakidetzaren erietxeetan COVID-19ak jota.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide