Ibaiondo eta Altzibar kaleak eraberrituko ditu udalak datozen hilabeteetan

Andoni Elduaien 2021ko ots. 18a, 14:48
Altzibar etorbide pareko errepidea. (Udala)

Udalak egin dituen aurreikuspenen arabera, hilabeteren buruan hasiko dira kaleak eraberritzeko lanekin. Asfaltos Urretxu S.A. enpresak egingo ditu lanak.

Azkoitiko Udalak Ibaiondo eta Altzibar kaleak eraberritzeko lanak hasiko ditu. Erakundeak egindako aurreikuspenen arabera, "hilabeteren buruan" hasiko dituzte lanak. Asfaltos Urretxu S.A. enpresak egingo ditu lanak, eta lanak exekutatzeko hiru hilabeteko epea izango dute. Obren aurrekontua 109.349,56 eurokoa da, BEZ barne.

Joan zen uztailean asfaltatze lanak egin zituzten Ibaiondo 18 eta Martin Deuna kalea 5 artean, alegia, Berdura Plazako sarbide paretik Martin Deuna kaleko autobus geralekuraino. Udalak "jarraipena" eman nahi die asfaltatze lanei, orain lanak Altzibar alderantz luzatuta; ia Anaitasuna plazaraino asfaltatuko dute kalea. Udalak jakinarazi duenez, hainbat tartetan egingo dituzte asfaltatze lanak. Era berean, gune bakoitzaren beharraren arabera bestelako "jarduketa independenteak" egingo dituztela ere adierazi du. Hain zuzen ere, hondatuta dagoen bide-zorua berrituko dute, bideak pintatu, egoera txarrean dauden arekak konpondu eta Altuna-Portu Jauregiaren aurrean 2019ko azaroan erori zen zuhaitzak txikitutako baranda berrituko dute.

Plan orokorreko lanak

Aurreikusitako lanen barnean sartzen dira, halaber, Martin Deuna Kalea 2 eta Kale Nagusia 16 arteko eta Altzibar etorbideko bide-zorua berritzea; Kale Nagusiko 2 zenbaki pareko hondoratzea konpontzea; baita Elosu Korta paretik Jausororako zubira eramaten duen kalea berritzea ere. Eta gauza bera egingo dute Altzibar 7 eta 9 artean, garajeak dauden etxartean.

Udalak azaldu duenez, azken esku-hartze horiek plan orokorrago baten parte dira. Udalak 250.000 euro bideratu ditu aurten aurrekontuetan asfaltatze lanetarako eta espaloien eta zebra-bideen berritzetarako. Planean jasotzen da, esaterako, Xabier Munibe kalean egin nahi den hobekuntza. Gune horretan, autobus eta taxi geltokiak bateratu nahi ditu udalak, eta haurrentzako parke estali paretik Aizkibel liburutegira bitartean espaloien kotak eta errepidea berdindu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide