Bulego taldekoak San Jose egoitzan izan dira

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 19a, 09:00

Azkoitiko musika taldekoek adinekoen egoitzetako egoiliarrei eta haien zaintzaileei eskainitako Gure izarrak kantua egin dute, eta protagonistei aurkeztu nahi izan diete abestia, beste inori baino lehen.

Bulego musika taldeko Tomas Lizarazu eta Ruben Lizarralde San Jose egoitzan izan ziren atzo arratsaldean, hango egoiliarrei eta langileei beren musika eskaintzen.

Azkoitiko taldeak adinekoen egoitzetako egoiliarrei eta haien zaintzaileei eskainitako Gure izarrak kantua sortu du, eta inon zabaldu aurretik, egoitzetan emanaldiak egiten ari dira taldekideak. Aurreko egunetan Zornotzako (Bizkaia), Zumaiako eta Azpeitiko egoitzetan aritu ostean, atzo arratsaldean Azkoitiko egoitzan izan ziren. Gure izarrak abestiaz gain, beste batzuk ere jo zituzten, eta egoiliarrak gustura hartu zuten musikarien bisita.

Bulego taldeak abenduaren 8an emanaldi berezi bat egingo du Baztartxo antzokian, hiru abestiz osatutako EP berria aurkezteko. Gure izarrak da hiru abesti horietako bat. Emanaldirako sarrera guztiak agortuta daude dagoeneko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide