Agortu dira Bulegoren abenduko kontzerturako sarrerak

Andoni Elduaien 2020ko aza. 17a, 15:11

Azkoitiko musika taldeak atzo jarri zituen aurkezpen kontzerturako sarrerak saltzen eta guztiak agortu direla jakinarazi dute gaur sare sozialen bidez. 

Agortu dira Azkoitiko Bulego musika taldeak abenduaren 8an 18:00etan Baztartxo antzokian eskaini behar duen EP berriaren aurkezpen kontzerturako sarrerak. Musika taldeak atzo, astelehena, jarri zituen salgai kontzerturako sarrerak, eta gaur, asteartea, guztiak agortu direla jakinarazi dute sare sozialetan. 200 sarrera baino gehiago saldu dituzte ordu gutxian.

Abenduaren 8ra begira "zerbait berezia" prestatzen ari direla jakinarazi dute taldekideek, eta aurkeztuko duten EPak hiru abesti izango dituela esan dute: duela aste gutxi ezagutzera eman duten Kantu bat izeneko abestia, aurkezpen bidean den Gure izarrak kantua, eta oraindik aurkeztu ez duten hirugarren abesti bat. Musika taldeak esan duenez "aurkezpen esklusiboa" egingo dute Baztartxo antzokian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide