Zapatu eguerdira arte egingo dituzte baheketa selektiborako PCR probak Gurean

Mailo Oiarzabal 2020ko urr. 8a, 11:16
PCR-a egiteko izena eman duten herritarrak Gurea kanpoaldeko ilaran, gaur goizean. (Andoni Elduaien)

Epea aurreratu egin dutela jakinarazi dute gaur, larunbat iluntzera arte luzatu gabe. Atzo 700 lagunek egin zuten koronabirusa detektatzeko proba, eta 1.200 lagunek eman dute izena gaurko.

Osakidetzaren PCR bidezko baheketa selektiboak bigarren eguna du gaur Azkoitian. Asintomatikoak atzematea eta SARS-Cov-2 birusaren transmisio kateak etetea da Osakidetzak Azkoitian hasi duen baheketaren helburua. Gasteizko Sansomendi auzoan ere hasi dira lan bera egiten, eta birusaren intzidentzia tasa handia duten herri gehiagotan antzeko kanpainak egitea da Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren asmoa.

Atzo 13:30 aldera hasi ziren probak egiten Gurea pilotalekuan, baina gaur 09:00etan hasi dira lanean, eta lehen orduetan ilara luzeak sortu dira frontoiaren kanpoaldean. Gaur eta bihar, 09:00etatik 20:00etara egingo dituzte PCR probak Gurean. Zapatuan, berriz, goiz partean bakarrik egingo dituzte; atzo baheketa zapatu iluntzera arte luzatuko zutela adierazi arren, gaur epe hori aurreratu eta lanak larunbat eguerdian bukatuko dituztela jakinarazi dute Osakidetzaren iturriek.

17 eta 60 urte arteko azkoitiarrei egin diete baheketan parte hartzeko deia; 6.700 herritar inguru dira, guztira, zapatura bitartean telefonoz txanda eskatu eta boluntarioki PCR-a egin dezaketenak. Gaur eman dituzten datuen arabera, atzo 700 laguni egin zizkieten probak pilotalekuan, ta beste 1.200 herritarrek izena emana dute gaurko.

PCR proba egiteko

Proba egiteko aurretik eskatu beharko da hitzordua. Boluntario joan nahi dutenek aurrez eta telefono bidez hartu beharko dute ordua, herriko anbulatoriora (943-00 76 10) edo osasun aholkularitzako zenbakira (900-20 30 50) deituta. Hala eta guztiz ere, telefonoz osasun langileekin harremanetan jartzea ez lortuz gero, herriko anbulatorioan bertan ere hitzordua hartuko dutela jakinarazi dute.

Sintomak dituztelako edota Osakidetzaren aztarnarien deia jaso dutelako PCR proba egitera deitzen dituztenak ere Gurea pilotalekura joan beharko dira egunotan, Osasun Sailak ez du-eta bitartean PCR-rik egingo anbulatorioaren ondoko karpan. Larunbatera arte egingo dituzte probak han.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide