Hasi dira PCR probak egiten Azkoitian

Andoni Elduaien 2020ko urr. 7a, 15:17

13:30erako 400 herritarrek eman dute izena Osakidetzaren arabera, baina kopurua goraka doa. Osasun langileek egunean 900 PCR proba egiteko gaitasuna izango dutela jakinarazi du Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak.

13:15 inguruan hasi dira gaur, asteazkena, PCR probak egiten Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Osasun langile ugari aritu da goizean goizetik pilotalekua probak egiteko prestatzen. Mahaia, aulkiak eta sarrera-irteeretarako zirkuitua markatu dituzte, besteak beste. 

Nahiz eta gaitzaren agerraldirik egon ez, Osakidetzako iturriek jakinarazi dute Azkoitia dela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri guztien artean intzidentzia tasa handiena duen herria. Osakidetzaren arabera hori izan da Azkoitia baheketa egiteko hautatu izanaren arrazoia. Datozen egunetan, gainera, azterketa beste hainbat herritara zabalduko dutela jakinarazi dute. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sintomarik gabeko kutsatuen kopurua jakiteko martxan jarri berri duen Bizi Berri II planaren barruan gauzatuko du Osasun Sailak azterketa Azkoitian.

Gaur hasita larunbatera bitartean egin nahi ditu Osakidetzak PCR probak herrian. Datozen egunetan, 09:00etatik 20:00etara irekiko dituzte Gurea pilotalekuko ateak, eta bitarte horretan egingo dituzte probak, aurrez hitzordua hartuta. 17 urtetik 60 urtera bitarteko 6.700 azkoitiar inguru deitu ditu Osakidetzak proba egiteko.

Osakidetzako arduradunek Maxixatzen.eus-i azaldutakoaren arabera, bere borondatez PCR proba egiten dutenek ez dute etxean isolatu beharko; hala eta guztiz ere, osasun gomendioak jarraitzeko eta neurriak betetzeko eskatu du Osakidetzak. PCR proba egitera boluntario joan nahi dutenek aurrez eta telefono bidez hartu beharko dute txanda, herriko anbulatoriora (943-00 76 10) edo osasun aholkularitzako zenbakira (900-20 30 50) deituta. Sintomak dituztelako edota Osakidetzaren aztarnarien deia jaso dutelako PCR proba egitera deitzen dituztenak ere Gureara joan beharko dira egunotan, Osasun Sailak ez du-eta bitartean PCR-rik egingo anbulatorioaren ondoko karpan.

Alkatearen deia

Javier Zubizarreta alkateak "aukera" dela azaldu du hedabideen aurrean hitz egin duenean. Alkateak jakinarazi du atzo jaso zuela Osasun Sailetik deia, eta argitu du "kolaborazioa" eskatu ziotela. Zubizarretak adierazi du "prestutasuna" erakutsi ziola lehen unetik, eta horregatik gaur bertan hasi direla PCR probak egiten pilotalekuan.

Herritarrek zer nolako erantzuna emango duten galdetuta, alkateak esan du herritar batzuk PCR proba "bere poltsikotik" ordaindu izan dutela orain arte, eta Azkoitian PCR proba egiteko aukera edukitzea "boluntariotzarako gonbidapena" dela. "Herriaren benetako egoera zein den ikusteko aukera da. Niretzat albiste ona da. Bestelakoa litzateke PCR probak kasuen agerraldi bategatik egitea, baina hori ez da Azkoitiko kasua", gehitu du.

Herritarrek "erantzun ona" emango dutela espero du Zubizarreta alkateak. "Gaurkoa ikusita, datozen egunetan herritar gehiago animatuko direla pentsatzen dut, eta gonbidatu egiten ditut, guztiontzako mesederako baita. Gainera, eta garrantzitsua da, proba egiten duenak ez du etxean isolatu beharko emaitza jaso bitartean", azaldu du, azkenik Javier Zubizarreta alkateak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide