Positiboen kopuruak gora egin du herrian beste behin

Julene Frantzesena 2020ko urr. 7a, 16:03

Beste sei positibo atzeman ditu Osasun Sailak herrian, eta 35 dira azken astean zenbatu dituenak. Horrenbestez, 10.000 biztanletik gorako Gipuzkoako herrien artean tasarik altuenetakoa du Azkoitiak. 100.000 biztanleko azken zazpi egunetako positibo kopuruaren tasa 291,93koa da.

Beste behin gora egin du atzemandako positiboen kopuruak herrian. Hain zuzen ere, sei kasu atzeman zituen Osasun Sailak atzo Azkoitian, eta 35 dira azken astean atzeman dituenak. Horrenbestez, 10.000 biztanletik gorako Gipuzkoako herrien artean tasarik altuenetakoa du Azkoitiak —291,93—; altuena Azpeitiak du —332,12—. 100.000 biztanleko azken zazpi egunetako emandako positibo kopuruak neurtzen ditu tasa horrek.

Koronabirus agerraldirik ez dagoela jakinarazi du Azkoitiko Udalak, baina Osakidetza Azkoitiko 17 eta 60 urte arteko biztanleei PCR probak egiten hasi da gaur bertan

Azkoitian ez ezik, Urola Kostan ere gora egin du positibo berrien kopuruak, herenegun baino ia bi aldiz gehiago zenbatuta. Azpeitian hamar atzeman zituzten, Zestoan bi, eta Orion, Zarautzen eta Zumaian bana.

681 kasu Hego Euskal Herrian

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herenegun baino PCR proba gehiago egin zituen Osakidetzak atzo: 10.022 –7.424 proba herenegun–. Eta atzo gauzatutako proba horietan positibo eman duten herritarren kopurua ere herenegungoa baino altuagoa da; izan ere, herenegun 336 positibo atzeman zituzten, eta 428 atzo. Horrenbestez, PCR proba gauzatu zuten herritarren %4,2k eman dute positibo azken orduetan –herenegun %4,5 zen kopurua–. Lurraldeka, berriz, Araban 58 positibo, Bizkaian 184 eta Gipuzkoan 180 positibo detektatu zituzten atzo. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren sei lagunek ere eman zuten positibo.

Atzokoan 31 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta guztira, 238 lagun –herenegun baino bi gutxiago– daude ospitaleratuta gaur-gaurkoz. Horietatik 51 daude ZIUn, herenegun baino bost gutxiago. Beraz, behera egin dute bai ospitaleratuen kopuruak, bai ZIUn daudenen kopuruak. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo RO indizea 0,97 da.

Nafarroan beste 253 positibo zenbatu zituzten atzo, egindako 3.165 PCR probetan; horrek esan nahi du poba egin zuten herritarren %8k eman zutela positibo. Lurralde horretan koronabirusa duten 246 lagun daude ospitaleratuta, horietatik 25 ZIUn.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide