17 eta 60 urte arteko azkoitiarrei eskatu die Osakidetzak PCR proba egiteko

Mailo Oiarzabal 2020ko urr. 7a, 11:09
Osasun langileak PCR probak egiten hasteko zain, Gurean. (Andoni Elduaien)

Hasi dira probak egiten Gurea pilotalekuan; zapatu iluntzera arte, 09:00etatik 20:00etara egingo dituzte, egunero. Parte hartu nahi dutenek aurrez hartu behar dute hitzordua, telefonoz, anbulatoriora edo osasun aholkularitza telefonora deituta. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusaren intzidentzia tasa altuena duen herria da Azkoitia, eta horregatik erabaki du Osakidetzak behaketa egitea.

Atzo jakin zen Osakidetza PCR probak egiten hasiko zela gaur Azkoitiko Gurea frontoian, eta halaxe izango da. Gaur arte ez du deialdi ofizialik egin Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, baina goizean zabaldu du oharra, eta han hainbat azalpen eman du.

Azkoitiko 17 eta 60 urte arteko biztanleei –atzo 40 urte artekoentzat zela zabaldu zen– PCR probak egitera joateko dei egin die Osakidetzak. Guztira, 1960 eta 2003 urteen artean jaiotako 6.567 herritar daude proba egitera deituta. Osakidetzak gauzatzen ari den "zainketa eta kontrol lanen barruan" kokatu du Azkoitiko PCR kanpaina.

Hain zuzen ere, sintomarik gabeko kutsatuen kopurua jakiteko martxan jarri berri duen Bizi Berri II planaren barruan gauzatuko du Osasun Sailak behaketa Azkoitian nahiz Gasteizko Sansomendi auzoan. Azkoitian egitearen arrazoia jakinarazi dute eguerdian Azkoitira etorri diren Osasun Sailaren ordezkariek: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusaren intzidentzia tasa altuena duen herria da Azkoitia. Hori dela eta, "herritarren kolaborazioa" eskatu dute. Azkoitiko Udalak, berriz, "lasaitasun" mezua helarazi die herritarrei, PCR probak "prebentzioz" egingo dituztelako, eta horiek egitearen arrazoia ez delako koronabirus kasuen agerraldia.

Zapatura arte

Gaur 13:00etan hasi dira PCR probak egiten Gurean, eta datozen egunetan jarraituko dute egiteko horrekin. Hain zuzen ere, zapatu iluntzera arte 09:00etatik 20:00etara ariko dira osasun langileak PCRak egiten, egunero; epe hori luzatzeko beharra ikusten badute, egun gehiagotan egitea ere ez dute baztertu. PCR proba egitera boluntario joan nahi dutenek aurrez eta telefono bidez hartu beharko dute txanda, herriko anbulatoriora (943-00 76 10) edo osasun aholkularitzako zenbakira (900-20 30 50) deituta. Sintomak dituztelako edota Osakidetzaren aztarnarien deia jaso dutelako PCR proba egitera deitzen dituztenak ere Gureara joan beharko dira egunotan, Osasun Sailak ez du-eta bitartean PCR-rik egingo anbulatorioaren ondoko karpan.

Konfinatu beharrik ez

Era berean, Osasun Sailak gaineratu du gaurtik aurrera PCR proba egiten duten boluntarioek ez dutela haren emaitza jakin arte etxetik irten gabe egon beharko. "Bizimodu normala" egin ahalko dutela adierazi dute osasun arduradunek; baina, hori bai, "ahalik eta gutxien sozializatzeko" eskatu diete PCRa egingo dutenei, emaitzaren berri izan arte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide