Osakidetzaren azterketa baterako PCR probak egiten hasiko dira bihar Azkoitian

Andoni Elduaien 2020ko urr. 6a, 20:19

Osasun Sailak ez du oraindik deialdi ofizialik egin, baina Maxixatzen.eus-ek jakin ahal izan duenez, bihar hasiko dira azterlana egiteko PCR probak herrian egiten. 17 eta 60 urte bitarteko herritarrak deituko ditu Osakidetzak.

Osakidetzaren azterketa lan bat egiteko, PCR probak hasiko dira egiten bihar, asteazkena, 13:00etan Azkoitian. Udalak Maxixatzeni jakinarazi dionaren arabera, probak ez dituzte Azkoitian positiboen agerraldi bat izan delako egingo; herrian egingo dituztenak ez dira PCR proba masiboak izango, beraz.

Osakidetzak behaketa egin nahi du, eta horretarako PCR probak egingo ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritan; Azkoitian egingo dute azterketaren zati bat. Hain zuzen ere, Azkoitian 17 eta 60 urte bitarteko herritarrek egin beharko dute PCR proba, baina Osakidetzak deialdi ofizialik egin ez duenez, ikusi egin beharko da probak adin tarte horretako herritar guztiek egin beharko dituzten edo ez.

PCR probak egiteko Gurea pilotalekua egokituko dute. Hogei mahai jarriko dituzte han, eta 08:00etatik 20:00etara bitartean egingo dituzte probak. Osakidetzak azterketa bukatu bitartean, Gurea pilotalekua itxita egongo da kirol jardueretarako. Informazio eta azalpen guztiak datozen orduetan emango dituzte osasun erakundeek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide