Ongietorri hunkigarria Alesonentzat eta Morcillorentzat

Mailo Oiarzabal 2020ko urr. 3a, 15:14

GR11 Urdina egitasmoaren ibilbidea osatu duten kirolariei harrera eta aitortza beroa eskaini dizkie Marea Urdinak.

"GR11 Urdina bukatu da, baina Marea Urdinak jarraitzen du". Mezu hori igorri zien Imanol Alesonek atzo Baztartxo antzokian berari eta Julian Morcillori ongietorria eta aitortza egiteko elkartutako guztiei. Marea Urdinak antolatu zuen ekitaldia, Hondarribian, GR11 Urdina egitasmoaren azken etaparen amaieran, COVID-19a dela-eta Alesoni eta Morcillori egin ezin izan zieten harrera "behar den bezala" egiteko helburuarekin.

Eta helburua ondo betetzat eman dute antolatzaileek. Aniztasun funtzionala duten lagun guztiei ikusgaitasuna emateko eta horien alde lanean diharduen Marea Urdina elkartearen lana babesteko gauzatu du Aleson azkoitiarrak, Morcilloren "ezinbesteko" laguntzarekin, GR11 Urdina, eta bi kirolariek egindako ahalegina eskertu zuten atzo Baztartxon, une hunkigarri bat baino gehiago eta umorerako tarteak ere izan zituen ekitaldi batekin.

Baztartxoko pantaila handian bota zituzten bost bideoak izan ziren ekitaldiaren haria. Horietako luzeena izan zen beheko hau: GR11 Urdinaren etapaz etapako laburpena eta egitasmoan protagonista izan diren aniztasun funtzional ezberdinak dituzten pertsonen eta etxekoen irudiak eta esker oneko hitzak uztartu dituzte bertan:

Azken etapan bidelagun izan zituen kideen bizipenak jasotzen dituena, "xelebrekeriak" jasotzen dituena, antolatzaileek Alesoni eskainitakoa eta Alesonek bere mezua zabalduz grabatutakoa dira Baztartxon atzo ikusi ahal izan zituzten bideoak.

Horiekin batera, antzokiko oholtza gainean aurreskuarekin, txapel eta lore sortekin omendu zituzten azkoitiarra eta atzoko ekitaldira Madrildik "espresuki" etorritako Morcillo. Marea Urdinaren ziurtagiria ere jaso zuen Alesonek, eta aurten eman gabe utzi duten Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren garaikurra ere bai, lasterketaren antolatzaileen eskutik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide