Imanol Aleson: "Emozionalki gogorra egin zitzaidan helmugako unea"

Anartz Izagirre 2020ko ira. 28a, 18:05
Marea Urdinaren taldeko argazkia Higer lurmuturrean. (Marea Urdina)

GR 11 Urdina egitasmoaren azken etapa egin zuten atzo, igandea, Imanol Aleson eta Julian Morcillo mendi lasterkariek. Azkoitiarrak dio "hunkituta" bizi izan zituela ibilbidearen azken kilometroak, eta gustura agertu da egindakoarekin. Ostiralean, urriak 2, omenaldia egingo diote Alesoni eta Morcillori Baztartxo antzokian.

800 kilometro pasa egin dituzu hamahiru egunetan. Nolako egunak igaro dituzu?

Denetik bizi izan dut egun hauetan. Paperaren gainean erraza da apunteak hartzea, baina gero betetzea beste kontu bat da. Ibilbideko bigarren etapan uste nuena baino kilometro gehiago egin behar ziren, eta ez nintzen pentsatuta nuen lekura heldu; gainontzeko guztia, ordea, pentsatu bezala atera zait, eta gustura nago.

Bidelagunak ere izan dituzu ibilbidean, ezta?

Bai, Julian Morcillok nirekin hasi zuen GR 11 ibilbidea, nire asmoen berri izan zuenean animatu egin baitzen. Lehenengo hiru etapak egin zituen, eta ondoren arazoak izan zituen. Halere, jarraitzeko gogoa zuen eta gelditzen ziren etapak nirekin egin zituen, Hondarribiraino. Bestalde, Kataluniako lagun batzuek ere parte hartu zuten ibilbideko zati batzuetan, eta beste zati batzuetan ere izan ditugu bidelagunak. Hala eta guztiz ere, oro har, oso bakarrik ibili gara mendian.

Ibilbidean zehar herritarrek nondik zebiltzan jakin dute zure GPSaren bidez, eta animo mezuak ere bidali dizkizute.

Hala da, baina egia esan, ibilbidean zehar oso deskonektatuta egon naiz. WhatsApp bidez etxekoekin eta Marea Urdinakoen hitz egiten nuen, baina gainontzeko mezuei ez diet erreparatu. Izan ere, goizean 06:30ean esnatu eta 20:00ak arte gelditu gabe ibiltzen nintzen, eta deskantsatu beharra neukan etapa bakoitzaren amaieran. Ez dut astirik izan mezuak bidali dizkidatenei erantzuteko eta eskerrak emateko.

Zer sentsazio izan zenuen Higer lurmuturrera heldu zinenean?

Oso une hunkigarria izan zen. Hamahiru egunean buruari buelta asko ematen dizkiozu, eta helmugara heldu nintzenean eta familia haiek han ikusi nituenean egindako guztiaz oroitu nintzen, baita aniztasun funtzionala duten haurrek bizi duten egoeraz ere. Emozionalki gogorra egin zitzaidan helmugako unea; guraso izanik, gainera, beste modu batean bizi dituzu halako egoerak. Ibilbidean zehar desberdina izan zen, burbuila baten barruan lez bainengoen. Gainontzean, ordea, oso ondo joan zen dena. 13:00etarako genuen aurreikusita Hondarribira heltzea, eta pare-parean heldu ginen.

Hondarribira iristean hunkituta nahastu zenituen Mediterraneoko Itsasoko eta Kantauri Itsasoko urak. Ekintza sinboliko horrekin zer adierazi nahi zenuen?

Marea Urdinaren indarraren erakuslea izan zen ekintza hori. Bi itsasoetako urak elkartuta eta marearen indarrarekin, Marea Urdina irudikatu nahi izan genuen. Denon artean zerbait egiten badugu, marea hori oraindik eta indartsuagoa izango da. Oso momentu hunkigarria izan zen bi itsasoetako ura nahastu genuen unea.

Egitasmo berezia izan da GR 11 Urdina, etapa bakoitzean aniztasun funtzional bat izan duzulako gogoan. Nola otu zitzaizun ideia?

GR 11 ibilbidea egiteko gogoa nuen, eta Marea Urdinakoekin zerbait egin nezakeela otu zitzaidan. Bilera bat egin genuen, nire proposamena asko gustatu zitzaien elkarteko kideei eta egitasmoa prestatzen hasi ginen. Etapa bakoitzean aniztasun funtzional bat izan dut gogoan, eta 13. etapan aniztasun guztien alde egin nuen lasterka, askoz gehiago baitira. Ilusioa egiten zidan GR 11 egiteak, eta, bitartean, aniztasun funtzionalei ikusgaitasuna eman nahi izan diet. Hedabideetan oihartzuna izan du egitasmoak, eta badirudi lortu dugula gure helburua.

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide