Imanol Alesonek amaitu du aniztasun funtzionala dutenen alde egin duen GR11 ibilbidea

Andoni Elduaien 2020ko ira. 27a, 17:59
Ibilbidea amaitu ondoren, Hondarribian. (Argazkiak: Marea Urdina)

Gaur eguerdian iritsi da mendi lasterkari azkoitiarra Hondarribira (Gipuzkoa). Ostiralean egingo diote ongi etorria, Baztartxo antzokian.

Espero zen bezala, gaur, irailak 27, 13:00etan iritsi da Imanol Aleson mendi korrikalari azkoitiarra Hondarribiako Higer lurmuturrera (Gipuzkoa). Aniztasun funtzionala bizi duten pertsonen alde, 850 kilometroko GR 11 ibilbidea egin du azkoitiarrak. Cap de Creusen (Girona, Herrialde Katalanak) hasi zuen ibilbidea irailaren 15ean, eta hamabi egun eta hamahiru etaparen ondoren, gaur bukatu du bidea. Etapa bakoitzak, gainera, aniztasun funtzional bat irudikatu du.

Marea Urdinarekin batera antolatuta egin du Imanol Alesonek GR 11 Urdina egitasmoa, herritarrak aniztasun funtzionalen inguruan sentsibilizatzeko. Alesonek, gainera, Julian Morcillo izan du bidelagun ibilbide guztian zehar. Halaber, azkoitiarrak soinean eraman du ibilbidean behar izan duen guztia, eta etapa bakoitzaren amaieran geldialdia egin du, besteak beste, lo egiteko eta hurrengo eguneko etaparako indarrak hartzeko.

Egitasmoak helburu sinboliko bat ere izan du; izan ere, Alesonek Mediterraneo Itsasoko ura bi botila txikitan sartu zuen Cap de Creusen GR11 ibilbidea hasi zuenean, eta gaur Hondarribira iritsi denean Kantauri Itsasoko urarekin nahastu du. Bi itsasoetako mareen urak nahastu ditu azkoitiarrak, Marea Urdina osatu ahal izateko. 

Ongi etorria, ostiralean

Datorren ostiralean, urriak 2, Marea Urdinak ongi etorria emango die GR11 ibilbidea egin duten Imanol Alesoni eta Julian Morcillori. GR11 ibilbidea amaituta, gaur ziren Marea Urdinako kideak ongietorria egitekoak Hondarribian, baina Hondarribiko Udalak ekitaldi publikoak egitea galarazita duenez, datorren ostiralean egingo diete omenaldia, Azkoitiko Baztartxon antzokian. 19:00etan hasiko da ongi etorri ekitaldia, eta Marea Urdinak herritarrak gonbidatu ditu. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide