Prestazio sozialen eta ondasun higiezinen gaineko zergak izoztu eta gainerakoak %1,2 igoko ditu udalak

Maialen Etxaniz 2020ko urr. 1a, 18:03

Iraileko ohiko udalbatzarra egin zuten atzo, eta bertan onartu zituzten 2021rako ordenantza fiskalak, EAJren aldeko bozekin. EH Bildu eta PSE abstenitu egin ziren, eta Azkoitia Bai proposamenaren kontra agertu zen. Udal tasak eta zergak ez ezik, beste hainbat gai izan zituzten hizpide atzo: Elkarguneko tarifak, eraikuntza eta eraispen hondakin guneak eraikitzeko aurreikusitako eremuen baliogabetzea eta Kale Nagusia 80 eraikinaren birgaitze lanak egiteko udalaren eta Visesaren arteko hitzarmenaren baliogabetzea, besteak beste.

Iraileko ohiko udalbatzarra egin zuen atzo, asteazkena, arratsaldean Azkoitiko Udalak. Hamar puntuko gai zerrendarekin ekin zioten bilkurari Azkoitiko lau udal taldeek. Desadostasunak eta iritzi aniztasuna tarteko, bi ordu inguruko saioa izan zen atzokoa, eta honako gaiak jorratu zituzten, besteak beste: eraikuntza eta eraispen hondakin guneak eraikitzeko aurreikusitako eremuen baliogabetzea, Idiakez Ederra eraikinean lanak egiteko udalaren eta Visesaren arteko hitzarmenaren baliogabetzea, 2021eko udal tasak eta zergak eta Elkarguneko tarifa berriak.

Uda aurretik zintzilik utzitako auzietako bati heldu zioten aurrena. Lurzoru ez urbanizagarriari eta araudi orokorrari dagokion Azkoitiko Hirigintza Arauen laugarren aldaketa puntualaren behin behineko onespenarekin hasi zuten bilkura, modu horretan, eraikuntza eta eraispen hondakin guneak eraikitzeko aurreikusitako eremuak baliogabetuz. Aho batez onartu zuten proposamena EAJk, EH Bilduk, Azkoitia Baik eta PSEk.

Bozketa egin aurretik, eraikuntza eta eraispen hondakin gunearen auziaren bueltan hartutako erabakien eta gaiak sortutako erreakzioen inguruan mintzatu zen Ana Azkoitia. Hark aipatu zuenez, udal gobernuak kontuan hartu ditu Hirigintzako Batzordeetan Azkoitia Baik eta EH Bilduk proposatutako aldaketak. Proposamen horiek kontuan hartuta osatu dute azken txostena, eta hori da atzoko udalbatzarrean onartu zutena. Dena den, EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordeak (EAELAB – COTPV) eman beharko du azken onespena.

Idiakez Ederra

Eliz atari aurreko Idiakez Ederra edo Kale Nagusia 80 eraikinaren birgaitze lanak egiteko udalak eta Visesa sozietate publikoak egindako hitzarmenaren baliogabetzeaz eztabaidatu zuten ondoren. Joan zen uztailean erabaki zuen sozietate publikoak etxebizitza horiek ez eraikitzea, lanek zuten "gainkostuengatik eta konplexutasunagatik". Horrenbestez, Visesak udalari itzuliko dio 2018aren erditik bere eskutan egon den eraikina. Azkoitiko Udal Gobernuak jakinarazi zuenez, hitzarmenean jasota zegoen akordioa bertan behera uzteko aukera, galera ekonomikoak ehun mila eurotik gorakoak izatekotan.

Hitzarmena baliogabetzearen kontra agertzeak izan ditzakeen kalte juridikoak kontuan hartuta, udalaren eta Visesaren hitzarmena baliogabetzearen alde agertu ziren EAJ, EH Bildu eta PSE. Azkoitia Bai, aldiz, kontra.

Azkoitia Bairen arabera, Visesaren erabakia ez da bidezkoa: “Ez zaigu bidezkoa iruditzen Eusko Jaurlaritzatik irtenbide egoki bat ezin eman eta udaletik, baliabide gutxiagoekin eman beharra. Ezin dugu hainbeste urtetan, hainbeste diru gastatu ondoren, herritar denentzat lehentasun bihurtu den gai bat berriro ere hasierara bueltatu, ez du zentzurik eta ez da bidezkoa. Badakigu Visesarekin sinatutako hitzarmenak horrela diola eta bete egin beharko dugula eta udal gobernu honi ez diogu inongo errurik bota nahi, baina nahiz eta alferrikakoa izan, ezetz bozkatuko dugu, gutxienez Jaurlaritzari gure nahigabea azaltzeko”. Azkoitiko alkate Javier Zubizarretak, bere aldetik, "atsekabea" agertu zuen sozietate publikoaren erabakiaren aurrean, baina azpimarratu zuen klausulak betetzeko daudela. Era berean, dagoeneko eraikinarekin zer egin daitekeen aztertzen hasi direla gaineratu zuen Zubiarretak. Udal Gobernuaren asmoen berri ez izana leporatu zion EH Bilduk Zubizarretari. Koalizioak, bere aldetik, Nagusia 80 eraikinerako duen proposamena jarri zuen mahaigainean atzoko udalbatzarrean.

2021eko tasak eta zergak

2021eko udal ordenantzak ere adostu ziren atzoko udalbatzarrean. Bilkuran horrela onartuta, Azkoitiko Udalak izoztu egingo ditu Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) eta prestazio sozialengatik ordaintzen den tasa. Gainerako tasa eta zergetan KPIa aplikatzea aurreikusten du udalak, "zerbitzu publikoen kalitateari eutsi ahal izateko". Proposamenaren alde agertu zen EAJ, Azkoitia Bai kontra, eta abstentziora jo zuten PSEk eta EH Bilduk. 

Ogasun zinegotzi Ana Azkoitiak azaldu zuenez, erakundeak "ezusteko gastuak eta murrizketak" izaten ari dira, "pandemiaren eragin zuzena edo ez zuzena sufritzen ari diren hainbat eta hainbat familia bezala". Horregatik, "oreka" bilatu nahi izan dutela azpimarratu zuen Azkoitiak: "Diru sarrerarik gabe ezin zaie zerbitzu publikoei eutsi. Ongizate sistema babestu beharra daukagu kontu publikoen egonkortasun finantzarioa erauzi gabe. Balantza horretan mugitzen gara". Iritzi horrekin bat egin zuen EH Bilduk, eta esan zuen ez direla zergak eta tasak jaisteko garaiak, "sarrera batzuk bermatzea ezinbestekoa" delako. Azkoitiak adierazi zuen COVID-19aren krisiak "eszenatoki eszeptikoagoetara" eramango duela udala. Horren karietara, ondorioetako bat Foru Fondoaren murrizketa dela azpimarratu zuen ogasun zinegotziak.

Hartutako erabakia tarteko, oraingo tasa berdinak jarraituko dute indarrean etxez-etxeko laguntzaren eta apartamentu tutelatuen kasuan. Mugikortasunean eta autonomian laguntzeko pertsona nagusiei eta dependentzia edo desgaitasuna dutenei ematen zaien laguntza teknikoaren gaineko tasa ere bere horretan utziko du udalak.

Gainerako tasa eta zergei KPIa aplikatuko diete, %1,2a, alegia. "2019ari dagokion Euskadiko KPIa da. Udaleko kontuhartzailetza zerbitzuak, irizpide bezala, argitaratutako urteko azken KPIa hartzen du kontutan, aurtengo urteko kalkulu estimatuak egiteak ez duelako zehaztasun berdina. Oinarri horretatik abiatuta, 2021ean %1,2a aplikatuko da, aurrez aipatu salbuespenetan izan ezik", azaldu zuen Azkoitiak.

Azkoitia Baik erabakiaren gaineko desadostasuna agertu zuen atzokoan. Desadostasuna agertu ez ezik, beren proposamenaren inguruko xehetasunak elkarbanatu zituen udalbatzarrean. Ikus proposamena, hemen. EH Bilduk, aurrez jakinarazi eta azaldu bezala, abstentziora jo zuen atzoko bozketan. 

Ordenantza fiskalak 30 egunez erakusketa publikoan egon ondoren sartuko dira indarrean, betiere, alegaziorik aurkezten ez bada.

Elkarguneko tarifak

Elkargunearen kasuan ere KPIa aplikatuko du udalak, eta %1,2 igoko dira tasak. Era berean, tasa berri bat ere sortuko dute bazkide ez diren erabiltzaileek egun erdiko sarrera – goizekoa edo arratsaldekoa– eros ahal dezaten. EAJren aldeko bozekin eta PSEren abstentzioarekin onartu zuten erabakia. EH Bildu eta Azkoitia Bai erabakiaren kontra agertu ziren. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide