EH Bilduk abstentziora joko du 2021erako udal zergen eta tasen bozketan

Andoni Elduaien 2020ko ira. 24a, 20:13
Ainara Goenaga eta Iraitz OtaƱo, prentsaurrekoan.

Udal Gobernuak Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) izozteko proposamena "aintzat" hartu du koalizio abertzaleak, eta horregatik, abstenitu egingo da datorren udalbatzarrean egingo duten bozketan.

Arratsaldean, Antolakuntza Batzordea egin du Azkoitiko Udalak, eta segidan, Azkoitiko EH Bilduk 2021. urteko tasen eta zergen gaineko eztabaidan aurkeztu duen proposamena aurkeztu du udaletxean egin duen prentsaurrekoan. Udal Gobernuak Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) izoztea proposatu eta gero, koalizioak abstentzioa emango du datorren astean egingo duten udalbatzarrean.

EH Bilduk azaldu du, osasun larrialdiak "ikaragarrizko azelerazioa" ekarri duela azken hilabeteetan krisi ekonomikoan eta sozialean. "Ondorioak noraino helduko diren zehaztea zaila bada ere, hurrengo hilabeteetan eta urteetan inoiz ezagutu ez dugun errealitate sozio-ekonomiko bortitzenari aurre egiteko prestatzen joan behar dugu", azaldu du Iraitz Otaño koalizioko bozeramaileak.

Halaber, datorren urteko zergen eta tasen proposamena egiterakoan, "krisia modu gogorrenean pairatzen ari diren herritar eta kolektibo zaurgarriak babesteko" eskatu du EH Bilduk, diru sarrerak "mantentzen edo handitzen" saiatzearekin batera. "Gehien dutenen ekarpenak handiagoa izan beharko du ezinbestean", azaldu du EH Bilduko kideak.

Koalizioaren proposamenak

EH Bilduk, jarraian, Udal Gobernuak aurkeztu duen proposamena zein den azaldu du. Otañok adierazitakoaren arabera, tasa eta zerga guztietan %1,2ko igoera planteatu du Udal Gobernuak; baita Elkarguneko kuotetan ere. Koalizioak adierazi du, "ez datozela bat" Udal Gobernuak egin duen proposamenarekin. Horren aurrean, bere proposamena aurkeztu du Otañok. Adierazi du, udalak Hego Euskal Herriko urteko Kontsumo Prezioen Indizearen (KPI) bataz bestekoa hartu ohi duela erreferentzia nagusitzat Udal zergak eta tasak eguneratzeko, baina aurtengo KPIa "negatiboa" izango dela esan dute. "Aldaketarik ez egitea proposatzen dugu herritarrei zuzenean eragiten dieten zergen eta tasen prezioetan, besteak beste, OHZan, Ibilgailuaren zergan zein Elkarguneko kuotetan", argitu du bozeramaileak.

Bestalde, etxebizitza hutsen gaineko errekargua "berriro indarrean" jartzea eskatu du EH Bilduk, "herriko alokairu arazoari aurre egiteko" eta "gehien dutenek gehiago ordain dezaten". Azkenik, ur eta hondakinen tasetan, fiskalitate progresiboan "sakontzeko" eta egoera ekonomiko zaila bizi duten herritarrak eta familiak "babesteko" eskatu du EH Bilduk. Horretarako, ordenantza bidezko diru laguntza lerro iraunkorra ezartzea proposatu du koalizioak.

EH Bilduk jakinarazi du, Udal Gobernuak Ondasun Higiezinen gaineko Zerga izoztea proposatu duela bigarren proposamen batean, eta proposamena "aintzat" hartu dutela. Horregatik, EH Bilduk abstentziora joko du gaia eztabaidatuko duten datorren udalbatzarrean. "Kontuan izanda herritar denei eragiten dien zerga dela, herritarren mesedetan ez dugu aurka bozkatuko", arrazoitu du Otañok. Era berean, EH Bilduk "eskua luzatuta" duela azaldu du, eta Udal Gobernuari gainerako zergak eta tasak ere OHZ bezala izozteko eskatu dio, horrela koalizioaren babesa jasoko duela esanez.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide