Visesak bertan behera utzi du Idiakez Ederra eraikinaz udalarekin zuen akordioa

Julene Frantzesena 2020ko uzt. 23a, 13:18
Idiakez Ederraren kanpoaldea.

Udalak eta Visesak 2018ko maiatzaren bukaeran sinatu zuten eraikin horretan babes ofizialeko hamalau etxebizitza eraikitzea ahalbidetzen zuen hitzarmena. Lizitazioa hutsik gelditu da, eta etxebizitza horiek eraikitzeak dituen "gainkostuengatik eta konplexutasunagatik" egin du atzera Visesak. Udal Gobernua eraikinari bizitza emateko "formula berriak" aztertzen ari da, eta EH Bilduk etxebizitza tutelatuak eta eguneko zentroa eraikin horretara lekualdatzea proposatu du.

Visesa sozietate publikoak bertan behera utzi du Idiakez Ederra edo Nagusia 80 eraikina tarteko Azkoitiko Udalarekin zuen akordioa. Hala jakinarazi du Azkoitiko EH Bilduk gaur argitaratu duen oharrean, baita Udal Gobernuak ere, handik gutxira zabaldu duen agirian.

Udalak eta Visesak 2018ko maiatzaren bukaeran sinatu zuten eraikin horretan babes ofizialeko hamalau etxebizitza eraikitzea ahalbidetzen zuen hitzarmena, baina EH Bilduk adierazi duenez, etxebizitza horiek eraikitzeak dituen "gainkostuengatik eta konplexutasunagatik" egin du atzera Visesak. Horrenbestez, 2018aren erditik bere esku izan den eraikina udalari itzuliko dio sozietate publikoak.

Lizitazioa hutsik

Udal Gobernuak kaleratu duen oharrean irakur daitekeenez, Visesak martxoan atera zituen lehiaketara Idiakez Ederra eraikineko obrak, 2.431.004,33 euroko (BEZ gabe) balioarekin, baina hutsik gelditu da lizitazioa Altuna y Uriak, Campezok eta Teusak osasutako aldi baterako enpresen elkarteak aurreikusitako obren kostua lizitazioan aurreikusitakoa baino "askoz ere altuagoa" delako eta lizitazio prozesutik erretiratu delako.

Hori horrela izanik, Azkoitiko Udalarekin zuen hizarmena bertan behera uztea erabaki zuen Visesaren Administrazio Kontseiluak uztailaren 20an. Udal Gobernuak jakinarazi duenez, akordioa bertan behera uzteko aukera jasota dago hitzarmenean, galera ekonomikoak ehun mila eurotik gorakoak baldin badira. Gainera, Visesaren arabera, "bideraezina" bilakatu da proiektua; izan ere, EAEko etxebizitza politiketan jasota dago jabetzan ematekoak diren babestutako etxebizitzek autofinantzatuak izan behar dutela, baliabide publikorik kontsumitu gabe.

Udal Gobernuak jakinarazi duenez, Idiakez Ederra eraikinak kultur ondare izendapena du, eta daukan konplexutasun teknikoa tarteko, igo egin dira hasierako inbertsio aurreikuspenak. "Etxea hustu ondoren 3Dn egindako eskaneatuek eta barruko hormaren azterketak argi utzi zuten hasierako kalkuluak baxuegiak zirela. Hilabete hauetan, hainbat bilera egin dira Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin eta Ondare Kulturalaren Zuzendaritzarekin, eta eragozpenei konponbidea eman ahal izan zaie, baina hitzarmena baztertuta orain arte egindako ibilbide luzeari itxiera eman dio Visesak".

Azkoitiko Udalak 2015ean adostu zuen eraikin historikoa birgaitzeko izapideak hastea Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailburuordetzarekin eta Kultura Sailarekin. Udalak eraikinaren jabetza eskuratu zuen, etxejabe guztiekin negoziatu ostean, erakundearen arabera, "guztiz geldituta zegoen egoera desblokeatuz". Udal Gobernuak esan duenez, ordutik, "pixkanaka, baina etenik gabe" urratsak egiten joan da udala.

Formula berriak eta proposamen zehatzak

Udal Gobernuak azaldu duenez, eraikinari bizitza emateko "formula berriak" aztertzen ari da, obren lizitazioa hutsik eta akordioa bertan behera gelditu direlako. Eraikinaren etorkizuna birplanteatu behar izatea "kolpea" da Udal Gobernuarentzat, "2009.etik andamioen azpian dagoen eraikin historikoari erabilera soziala ematea oso aukera egokia" zelako.

Javier Zubizarreta alkateak esan duenez, Visesaren erabakiak "min" egin arren, "zenbakiei lotutako administrazio kudeaketaren bueltan" ulertu behar da gertatutakoa. "Eraikinaren singularitateak hain esku-hartze zehatza eta kirurgikoa eskatzen du, ezen orain arteko ahalegin guztia alferrikakoa izan den. Zailtasunak gaindituko ziren ustearekin, proiektuari tira eta tira egin zaio, baina azkenean, babestutako hamasei etxe eraikitzeko hartutako konpromisoa etsipenean geratu da. Udalari dagokio berriro Idiakez Etxearen etorkizuna birplanteatzea, 2015. urtean egin genuen bezala, eta nahiz eta jakin bidea luzea eta neketsua izango dela, berriro egingo dugu".

Zubizarreta "baikor" dago, "galera handia" dela onartzen badu ere: "Egia da epe batzuk zehaztuta zeudela eta etxebizitzetako giltzen entrega 2023rako aurreikusten zela. Bagenuen, eta arrazoiarekin, begietako mina egiten duten andamio horiek aurki kentzen ikusteko esperantza. Baina atzerakada honek ez gaitu geldiaraziko. Bideragarritasuna bilatzeko formula eta aukera berriak aztertzen hasita gaude".

EH Bilduk, bere aldetik, "kezkagarritzat" jo du albistea, baina udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean eraikin horri beste erabilera bat emateko "aukera paregabea" dela uste du. Koalizioak lehen egin zuen proposamenari eutsi dio, eta azaldu du San Jose egoitzan kokatuta dauden pisu tutelatuak eta eguneko zentroa eraikin horretara lekualdatzea aztertu eta gauzatu behar litzatekeela. "EH Bilduk Nagusia 80rako egindako proposamena hori zen hasieratik, etxebizitza tutelatuak herri erdigunera jaistea eraikin hori erabiliz".

Koalizioak azaldu duenez, erabaki horrek ez luke egoiliar guztien beharra asetuko, baina "pauso handi bat" izango litzatekeela ziurtatu du: "Ezin dugu aukera hori galtzen utzi. Adinekoak herrian integratzeko aukera paregabea dugu esku artean". EH Bilduren aburuz, alderdi guztien nahia da egoitza herrira eramatea, eta horregatik, Udal Gobernuari eskua luzatu dio proiektua aurrera ateratzeko elkarrekin lan egiteko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide