Marea Urdinak ongietorria emango dio bihar 'GR11 urdina' ibilbidea egin duen Imanol Alesoni

Andoni Elduaien 2020ko urr. 1a, 15:00
'GR11 urdina' ibilbidea amaitu ondoren, Hondarribian. (Argazkia: Marea Urdina)

Marea Urdinak 19:00etan emango die ongietorria Alesosi eta Morcillori, Baztartxo antzokian. Joan den igandean amaitu zuten bi mendi lasterkariek 'GR11 urdina' ibilbidea.

Marea Urdinak ongietorria emango dio bihar, ostirala, aniztasun funtzionalaren alde 'GR11 urdina' ibilbidea egin duen Imanol Aleson mendi lasterkari azkoitiarrari. Baztartxo antzokian egingo dute ekitaldia 19:00etan hasita, eta Alesonekin batera ibilbidea egin duen Julian Morcillo ere omenduko dute.

Marea Urdinak "bere esker ona adieraziko" die bi lasterkariei biharko ongietorri ekitaldian. Alesonek eta Morcillok zein Marea Urdinako kideek 'GR11 urdina' nola bizi izan zuten azalduko dute ikuspuntu desberdinetatik. Emozioak "astintzen" ahaleginduko direla azaldu dute Marea Urdinako kideek, "negarra eta barrea" uztartuz. Horrez gain, aniztasunaren lagun izendatuko duen ziurtagiria emango diote bihar Alesoni. Egunero-egunero zozkatu dituzten kamisetak ere banatuko dituzte bihar.

Joan den igandean iritsi ziren Aleson eta Morcillo Hondarribira (Gipuzkoa). Cap de Creusen (Girona, Herrialde Katalanak) hasi zuten ibilbidea irailaren 15ean, eta hamabi egun eta hamahiru etaparen ondoren, igandean bukatu zuten bidea. Hasiera batean, Marea Urdinaren asmoa ongietorria Hondarribian bertan ematea baldin bazen ere, Hondarribiko Udalak ez zuen ekitaldia egiteko baimenik eman, herrian galerazita dutelako inongo ekitaldi publikorik egitea. Horrela horrela izanik, Marea Urdinak erabaki zuen ongietorria Azkoitian, Baztartxon, ematea. 

Etapa bakoitza, gainera, aniztasun funtzional bat irudikatzeko baliatu zuten bi mendi lasterkariek. Gainera, Alesonek eta Morcillok Mediterraneo Itsasoko ura bi botila txikitan sartu zuten Cap de Creusen 'GR11 urdina' ibilbidea hasi zutenean, eta Hondarribira iritsi zirenean Kantauri Itsasoko urarekin nahastu zuten. Bi itsasoetako mareen urak nahastu zituzten, Marea Urdina osatu ahal izateko. Alesonek hunkituta egin zuen ibilbidearen azken zatia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide