Igandean itxiko dute Ugarteigarango igerilekua

Andoni Elduaien 2020ko ira. 10a, 08:00
Ugarteigarango igerilekuak. (Azkoitiko Udala)

Igandea, irailak 13, izango da estali gabeko igerilekuak zabalik egongo diren azken eguna. Hainbat neurri zehaztu behar izan dituzte udalak eta igerilekuko arduradunek irekita egon den hiru hilabeteetan.

Hiru hilabetez zabalik egon ostean, igandean itxiko dituzte Ugarteigarango estali gabeko igerilekuak. Igerilekuaren edukiera %60koa izan da egun horietan guztietan. Guztira, 840 pertsonak izan dute une berean instalazioa erabiltzeko aukera, baina segurtasun gomendioei jarraituz, helduen igerilekuan 188 lagunek izan dute uretan egoteko aukera, eta 25 haurrek igerileku txikian. 

Horrez gain, beste hainbat neurri ere hartu dituzte aurtengo udan Ugarteigaranen. Hasieran, Elkargunean erreserba egitea nahitaezkoa zen igerilekura joan ahal izateko, baina ekainaren amaieran aldatu zuen Azkoitiko Udalak erreserba egiteko modua. Bazkideek beren bazkide txartelarekin sartzeko aukera izan dute harrezkero, eta bazkide ez direnek Ugarteigarango harreran bertan erosi ahal izan dute sarrera. 

Uztailaren erdialdetik indarrean dagoen beste neurria koloretako eskumuturrekoena izan da. Zenbait egunetan uretara sartzeko jende pilaketak eta iladak sortzen zirela ikusita, eskumuturrekoak banatzen hasi ziren uztailaren erdialdean igerilekuko arduradunak. Erabiltzaile bakoitzari kolore jakin bateko eskumuturrekoa eman diote, eta sorosleak arduratu dira ordu laurdenero zein koloreren txanda den adierazten. Abuztuaren azken asteetan jakinarazi zuen udalak, bestalde, erabiltzaile bakoitzak egunean gehienez hiru ordu egoteko aukera izango zuela.

Ekainaren 15ean zabaldu zuten igerilekua, eta orduz geroztik, 10:30etik 14:45era eta 15:45etik 20:00etara egon da zabalik; igerilekua desinfektatzeko itxita egon da igerilekua 14:45etik 15:45era bitartean. Azken egunetan ere ordutegi horretan zabalduko dute gunea, baina astelehenean ez da hara joateko aukerarik izango, itxi egingo baitute datorren ekainera arte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide